Elhuyar Fundazioak eta hango langileek babesa eman diote BERRIA Taldearen Zure ziztada behar dugu leloa duen egitasmoari. Haiekin batera izan da Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, Usurbilen.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko, eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak dio egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Egitasmoak BERRIAlagunak bildu nahi ditu, milaka lagunen elkarlana bideratu nahi du proiektu honen inguruan. Jadanik ia 4.100 BERRIAlagun daude.