Politika

Eli Galdos: "Gernikako Estatutua oso ona zen, baina murriztu egin dute"

Eli Galdos EAJko kide eta Gipuzkoako diputatu nagusi ohiaren iduriko, Euskal Herriko egoera normalizatzeko bi baldintza bete behar dira: batetik, Espainiako zein Frantziako estatuek euskal herritarren hitza errespetatzea, eta, bestetik, ETAren jardun armatua amaitzea. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan azaldu du Gernikako Estatutua, bere garaian, oso ona izan zela, baina, egun ez dela nahikoa, hain justu, Madrilgo Gobernuak murriztu egin duelako.

2004ko maiatzaren 4a
17:10
Entzun
25 urte bete berri dira Francoren diktaduraren ondoren Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Diputazioa eratu zirela, eta horren kariaz, Eli Galdos diputatu nagusi ohi jeltzalea elkarrizketatu dute Euskadi Irratian. Diktadura ondorengo trantsizioan, Gernikako Estatutuaren haritik-eta, aurreraurrats handiak egin zirela iritzi dio Galdosek, baina onartu du, ordutik 25 urte igaro diren arren, Euskal Herriko egoera oraindik ez dela normalizaziora iritsi.

Galdosen ustez, bi baldintza bete behar dira egoera "normalizatu" horretara heltzeko: "Noiz iritsiko da normalizazioa? batetik, herritarren ahotsa Madrilen eta Parisen errespetatzen denean. Hori da gure helburua. Autodeterminazioa da hori? Bada, bai. Baina, batez ere, errespetua da. Eta demokrazia errespetua finkaten da; hori gertatzen ez den bitartean, ez dago normalizaziorik. Bestetik, egoera normal baterako oztopo handiena ETA da aspalditik. Ez da sinestekoa XXI. gizaldi honetan horrela ibiltzea, baina hor dago, eta bukatzen ez den bitartean, ez da normalizaziorik izango. Beraz, bi gauza horietan egin behar dugu ahalegina: batetik, Madrilen eta Parisen errespetua lortzen, eta, bestetik, gure arteko borroka hori bukatzen".

Marko poltiikoaren inguruko eztabaida puri-purian egotea normala iruditzen zaio Galdosi. Izan ere, autogobernuak jendearen eguneroko bizi kalitatea hobetzeko baliagarri izan dela uste du, eta horretaz jabetuta, jendeak erabaki ahalmen handiagoa nahi duela. Horri, beste faktore bat erantsi dio: Gernikako Estatutua murriztu egin duela Madrilen, eta, ondorioz, eskastu. "Gernikako Estatutua, gure estatutua, oso ona zen, bana momentu honetan ez da hain ona. Zergatik? Murriztu egin digutelako. Sortu zenean hitzarmen bat zen, itun bat, eta Madrilek ere hala aitortzen zuen. Gaur, berriz, opari moduko bat balitz bezala aurkezten dute, arazoak ematen dituzten euskaldunak baretzeko, Estatuak eskuzabaltaunez emandako zerbait. Ez da hala: hitzarmen bat izan zen, eta hautsi egin dute", azpimarratu du.

Ildo horretatik, diputatu nagusi ohiak ez du uste PSOE une honetan Ibarretxeren Plana babesteko prest dagoenik, baina, era berean, argi dauka, halako zerbait gauzatzekotan babes horiek bilatu behar direla. "Estatuko indar nagusi bat konbentzitu egin behar dugu. PPrekin saiatzea ez da posible, Franco bezalakoak baitira; botoekin, baina Franco baino okerragoak. Beraz, derrigorrez sozialistekin egin beharko da zerbait".

ETArekin, berriz, auzi politikoak ez direla negoziatu behar adierazi du Galdosek, "erakunde eta indar politikoak baitaude horretarako". Hala ere, presoen zein errefuxiatuen irtenbideari buruz zein biktimen inguruan ETArekin mintzatzearen alde agertu da.

Azkenaldian EAJren barruan sortu diren tira-birei, berriz, garrantzia kendu die diputatu nagusi ohiak, eta alderdia "ondo eta osasuntsu" ikusten duela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.