Olabeagako Santa Ana eta Abusuko Artzain Onaren parrokiak dira bi taldeek berreskuratzeko eskatutakoak. Izan ere, Eliza katolikoak immatrikulatutako ondasunen inguruan txosten bat egin zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Bilboko bi parrokia horiek ageri dira txostenean.
Gogorarazi dutenez, Eusko Legebiltzarrak mozio bat onartu zuen iaz, Jaurlaritzari eta aldundiei eskatuz beharrezko informazioa eta laguntza eman diezaietela udalei ondasun horiek berreskuratze aldera.
Goazen Bilbok eta EH Bilduk Bilboko Udalari eskatu diote Elizak immatrikulatutako ondasunen izaera publikoa defenda dezala eta horiek berreskuratzeko prozedura abia dezala. Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak argitu du ez dela "elizaren kontrako afera. Horren adierazlea da Ondare Publikoaren Defentsan lan egiten duen plataforman kristau elkarteak daudela”. Proposamenaren helburua, azpimarratu du, ondare publikoa defendatzea da.