Jesus Loza (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako Elkarbizitzarako eta Memoriarako agintariak adierazi du euskal presoen arloan pausoak emateko ezinbestekoa dela "Batasunaren munduak" haiei bidea egiten uztea. Ezker abertzaleak Sortu alderdi politikoa erregistratzeko asmoz Espainiako Alderdien Legea betetzeko asmoa izan duela esan du Lozak Radio Euskadi irratian, eta presoei ere legeak eskaintzen dituen aukerak jorratzen utzi beharko liekeela.
Amnistiarik ez dela izango ohartarazi du, eta presoak "demokraziarako berreskuratu" egin behar direla, beste aukera bat emanda.
Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak atzo hartu zuen Loza, haren kargu berriaren funtzioak aztertzeko lehen hartu-emana egiteko. Elkarbizitza sustatzeko politikak koordinatzea eta gauzatzea izango da haren egitekoa.
Eusko Legebiltzarrak hil honen 30ean eztabaidatu eta bozkatuko du Aralarrek bakegintza eta elkarbizitza sustatzeko lantalde bat sortzeko aurkeztutako mozioa. Elkarbizitzarako eta Memoriarako agintariak talde parlamentariei akordioa erdiesteko borondatea izateko eskatu die, eta uste du itun hori Espainiako Kongresukoarena baino garrantzitsuagoa izango dela.
Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkideak gaiaren inguruan lanean jarraitzeko eskatu du gaur, eta ezin dela bazterketarik egon.