Bilboko Volantin eta Tivoli kaleen arteko kantoian eta Zubizurian "biktima guztiei" lore eskaintza eginez hasi dute Joseba Goikoetxearen aldeko omenaldia. Ondoren, ekitaldia egin dute Bizikidetza plazan. Antolatzaileek Goikoetxea gogoratu dute, "berak ospatu nahiko lukeen moduan". Horregatik, ETAk bi urte atentaturik egin gabe bete dituela ere ospatu dute, "Euskadiren etorkizunari begira, Josebak horrenbeste nahi zuen bakean".
"Biktima guztientzat mina bera" delako, Rosa Rodero Goikoetxearen alargunak biktima guztiak ekitaldian egotea nahi lukeela azaldua zuen omenaldiaren aurrerik, baita alderdi politiko guztietako ordezkariak ere. Eta erantzuna izan du haren deiak. Goikoetxearen alargunarekin, seme-alabekin eta arrebarekin batera egon dira, besteak beste, Edurne Brouard, Axun Lasa eta Pili Zabala, GALek hildako Santi Brouard, Joxi Zabala eta Joxean Lasaren senideak.
EAJko ordezkari askok parte hartu dute ekitaldian, eta baita EH Bilduko zein PSEko buruzagiek ere. Bertan izan dira, adibidez, Andoni Ortuzar, Josune Ariztondo eta Juan Mari Atutxa jeltzaleak, Laura Mintegi, Pello Urizar eta Rafa Larreina EH Bildukoak, eta Rodolfo Ares PSEkoa. Juan Jose Ibarretxe eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiek ere ez due hutsik egin. Aintzane Ezenarro legebiltzarkide ohia ere bertan izan da.
Horiek baino ikusmin handiagoa sortu dute bi pertsonen presentziak: ETAko kide izan ziren eta Langraitz bideari eutsi dioten Karmen Gisasolak eta Andoni Alzak. Hasierako elkarretaratzean izan dira, zubia jende multzo handiaren atzetik igaro dute, eta ekitaldiaren ondoren, Goikoetxearen alarguna agurtzera joan dira. Ortuzarrek eta Ezenarrok ere agurtu dituzte biak, kameren aurrean.
Xabier Lapitzek aurkeztu du elkarbizitzarako deia nagusi izan den ekitaldia, eta Leire Goikoetxeak, omenduaren alabak, publikoki hitz egin du lehen aldiz. Urte eta erdi zuen aita hil ziotenean, eta hura ezagutzea gustatuko litzaiokeela adierazi ondoren, “etorkizun baketsua ospatzen” egongo litzakeelako poztasuna azaldu du.
Lagunen eta ekitaldia antolatu dutenen izenean, Andonio Ortuzarrek hartu du hitza. Urteetako indarkeria “gorroto” ez bihurtzeko deia egin du; “mina ezin da mendeku bihurtu”. Etorkizuna lantzeko eskatu du: “Josebak aurrera egingo luke. Iragana ahaztu gabe, baina aurrera”. Elkarbizitzarako eta erreparaziorako garaia dela aldarrikatu du. “Horregatik bildu gara Bizikidetza plazan”.
Goikoetxearen alargun Rosa Roderok, “hogei urteren ondoren berriz elkartuta egoteagatik” poza agertu du. “Indarkeriaren biktimak, garen lekukoak garela ere, elkarrekin egon behar dugu”. Ondorengoek “lur polit hau” bakean bizitzeko nahia azaldu, eta emozionatu egin da, gainerako biktimei begira. Hizketan jarraitu ezinik, txalo zaparradak ordezkatu du hitzaldia.
Xabier Euzkitzek pare bat bertso eskaini ondoren, 'Lepoan hartu ta segi aurrera' kanta abestu dute bertaratutakoek, Bilboko Abesbatzako kideen laguntzarekin.