Ajuria Enea jauregiaren atarian grabatutako mezuan igaro berri den urtearen laburpen baikorra egin du Iñigo Urkullu lehendakariak. Haren arabera, 2017an hobetu egin da egoera ekonomikoa, eta hobekuntza horri eustea da datorren urteko helburu nagusia ere: "Datorren urtean ere hazten jarraitu nahi dugu, eta horretarako lanean jarraituko dugu".
Zentzu horretan, banakoen ahalegina eta talde lanaren beharra azpimarratu du lehendakariak. "Itxaropena behar dugu, pertsona eta herri gisa hazten jarraitzeko eta beharrak asetu eta oztopoak gainditzeko". Hala, eskuzabaltasuna eta ahalegina "oinarrizkoak" direla adierazi du, eta "inor atzean utziko ez duen" herri bat eraikitzen jarraituko dutela berretsi du.
Politikari dagokionez, berriz, elkarbitzitzan eta autogobernuan aurrera egiteko beharra nabarmendu du Urkulluk. "Hemen hitz egin, eta entzun dezakegu eta baita akordioak lotu ere. Gure helburua da sustrai eta balio sendoak dituen herri bat eraikitzen jarraitzea, memoria eta giza eskubideekiko errespetuz jokatuko duena".
Aurten bigarren urtez, eguerdian zabaldu dute lehendakariaren urte zaharreko mezua, eta ez iluntzean, aurretik egin ohi zen moduan.
"Egiazko konpromisorik" ez
PPk eta Ahal Duguk kritikatu egin dute lehendakariaren mezua eta "ameskerietan" ibiltzea egotzi diote. Andeka Larrea, Ahal Dugu-ko eledunak, leporatu dio autokritikarik ez egitea, kontuan izanda "familia askok euren lanpostuak kolokan dituztela" igaroko dituztela jai hauek.
Bide beretik jo du Alderdi Popularreko idazkari Amaia Ferandezek ere, eta "errealitatetik urrun" egotea egorzi dio Urkulluri. "Bere buruarekiko erosotasunan bizi den buruzagi bat ikusi dut, kaeko arazoak konpontzeko gai ez dena".
Oso bestelakoa izan da, hala ere, PSEren erantzuna. Alderdiak zabaldutako oharrean berretsi du "akordioen bidetik" jarraituko duela datorren urtean ere, eta nabarmendu bakoitzak bere jarrera gainditzeko ahalegina egin beharko duela horiek lortu ahal izateko.