Hamar urte pasa eta gero beste konpromiso bat eraman nahi izan dute Bilboko Euskalduna Jauregira ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek,"epe luzera begira elkarlana sendotzeko konpromisoa", hain zuzen ere. Negoziazio kolektibotik hasi eta eredu sozialari garrantzia emanez, lehentasunen artean "euskal sindikalismoaren lana arlo politikoan kokatzea" dela esan du Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak.
"Borroka egiten denean, beti izaten da komenigarri, beharrezko indar batuketa. Badakigu baita zer erronka dauzkagun aurrera begira, irakurtzen badugu Ibarretxeren plana, irakurtzen badugu ze zuzenketa egin diren, ikusiko dugu guk eskatu genuena orain hamar urte ez dela betetzen, ez planean ezta zuzenketetan ere, zoritxarrez. Horregatik badaukagu lana planteamendu hori aldatzeko, bestela guretzat txarto joango dira gauzak Eusko Legebiltzarrean. Arlo politikoan ere badugu zeregina", azpimarratu du Elorrietak.
Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusiaren esanetan, egungo egoera politikoa aztertzeko orduan "elementu objetibo eta klabe argia da Euskal Herrian aldaketa sozial eta politiko baterako masa-kritiko indartsu bat osatzen" ari dela. "Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozial baterako masa-kritikoa osatzen ari da, forma hartzen ari da masa-kritiko honek egin behar duen apustu politikoa, eta hori bai, masa-kritiko honen aurrean Espainiako zein Frantziako agintariak bitarteko guztiak erabiltzen ari dira eta erabiliko dituzte", nabarmendu du LABeko idazkari nagusiak.
Bilboko Euskalduna Jauregian egin den ekitaldira alderdi politiko, sindikatu zein beste zenbait taldeetako arduradunak gerturatu dira eta 'Egunkaria' orain urtebete itxi zutela ere gogoan izan dute.
LAB-ELA 10 urte elkarlanean
"Elkarlan sindikal eta politikoari bultzada" emango diotela berretsi dute ELAk eta LABek
ELA eta LAB orain hamar urte hasi ziren elkarlanean lan harremanetarako euskal esparrua lau haizeetara aldarrikatzeko eta urteurren hori Bilboko kaleetan egindako manifestazio batekin eta Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi ofizial batekin ospatu nahi izan dute. Lau mila ordezkari sindikal bildu dira, eta alderdi abertzaleetako buruzagiak ere bertan izan dira. ELAk eta LABek "urrats bat gehiago elkarrekin emateko asmoa" dute, eta "ziklo baten aurrean gaudenez, elkarlan sindikal eta politikoari bultzada emango" diotela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu