Korrika hasi aurretik, mahai ingurua prestatu zuen BERRIA.INFOk. Horretan parte hartu zuten Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Bea Salaberri AEK-ko kideak.
"Zerura begira" zeuden AEK-ko antolatzaileak; hala ere, behin Korrika martxan jartzen denean "ez du ezerk geldiaraziko", Mugikaren arabera. "Elkarlanean, norabide berean" lan egitea beharrezkotzat jo du. Mugikak esan zuenez, behin guztia antolatu ondoren, "herriaren esku" dago Korrika. Salaberrik azaldu zuen Baionan ere ia guztia prest dutela Korrika hartzeko. "Argi eta garbi dago herri honetan badagoela nahi bat eta jende horri zor zaiola lege babes bat euskarari bere lekua uzteko".
Aurtengo leloa gogoan izan zuen Mugikak: Eman euskara elkarri. "Euskara ikasten ari diren ikasleek ekarpen izugarria egiten dute. Euskaltegi guztietan 35.000 ikasle inguru ari dira". Mugikak azaldu zuenez, lelo horrekin neurriak hartzeko deia egin diete "entzun nahi duten guztiei", euskararen normalizazioan atzerapausorik ez emateko.
Kezka murrizketen gainean
Euskararen normalizazioaren aldeko pausoez hitz egin zuen Larrartek ere. "Korrika egitea ez da kasualitate bat, presa dagoela adierazteko da". Jaurlaritzaren murrizketak "larritzat" jo zituen. "Garai zailak izan eta baliabideak urriagoak izan arren, euskararen normalizazioa ezin da ukitu, gure herri izaera kolokan jar dezakegulako".
Mugikak ere "kezka" agertu zuen hizkuntz politikarako murrizketen gainean. Ikasleak erakartzeko euskara prestigiatu egin behar dela uste du, eta gainera baliabideak behar direla. Horregatik, ikasleen diru laguntzak berreskuratzea beharrezkotzat jo zuen. "Krisian gaude, baina gu ez gara horren sortzaileak. Lehendik normalizatuta ez dagoen sektore bati egingo dio kalte". Dena den, "egunerokoan" zer gertatzen den ikusi beharko dela esan zuen Mugikak.
EEP Euskararen Erakunde Publikoaz mintzatu zen Salaberri. Erakundea euren finantzatzaile nagusiena dela esan zuen, eta solaskide bakarra dela hizkuntza politikari dagokionez. Iparraldean hiztun gazteek ere helduen arteko erreferentziak beharko dituztela iritzi dio. "Helduen euskalduntzearen gaia zinez tratatu beharko da". EEP eta AEK harremanetan dira, eta espero du hurrengo hilabeteetan horrela jarraitu eta pauso gehiago ematea. Lege babesa, borondate politikoa, laguntza ekonomikoa, sustapen kanpaina bat eta euskararen erabileraren aldeko politika bat eskatu zuen.