Egoera ekonomiko eta politikoaz aritu dira bi presidenteak, baita "estatu ereduak bizi duen krisi instituzionalaz" ere. Jaurlaritzak ohar baten bidez azaldu duenez, biek "kezka" agertu dute Espainiako Gobernuaren "estrategia birzentralizatzailea" dela eta. Diotenez, Rajoy orain hiru hamarkada lortutako "oinarrizko adostasun politikoak alde bakarrez hausten" ari da. Horren aurrean, elkarrekin lanean jardutea adostu dute.
Horrez gain, arduratuta agertu dira politika "ospea galtzen" ari delako. Gizarteak duen "mesfidantza" nabarmendu dute, eta horren jatorria, besteak beste, "finantza krisia eta horrek gizartean izan duen eragina" dela iritzi diote: "Hau dena, krisi ekonomikoaren kudeaketak eragindako etsipen egoera batean", dio Jaurlaritzak oharrean. Ustelkeria kasuak ere salatu dituzte, eta "gardentasunaren unea" dela aldarrikatu dute.
Bileraren hasieran, lehendakariak Ajuria Enea jauregiaren grabatu bat eman dio Masi, eta Kataluniako presidenteak 1714-2014 urteurrenaren omenezko argitalpen bat oparitu dio Urkulluri.