Ingurumen legea

Elkarrekin Podemos IU-k dio Jaurlaritzaren ingurumen lege egitasmoek industriari mesede egiten diotela

Koalizioak 101 zuzenketa aurkeztu dizkie Jaurlaritzaren Ingurumen eta Ondare Naturalaren Kontserbaziorako lege proposamenei, baina negoziatzeko prest agertu da.

Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO/ FOKU
unai etxenausia
2021eko uztailaren 8a
14:25
Entzun

Elkarrekin Podemos IU-k 101 zuzenketa aurkeztu dizkie Eusko Jaurlaritzak Ingurumen arloaren eta Ondare Naturalaren Kontserbaziorako lege proposamenei. Ingurumen arloan 34 zuzenketa proposatu dituzte, ondare naturalak babesten dituen legean, berriz, 69. Bereziki, ingurumen arloan erronka «inportanteak» daudela azpimarratu du Miren Gorrotxategi bozeramaileak, egitasmoan jasotakoak ez direlako nahikoak. Gainera, OME Osasunaren Munduko Erakundearen estandarrak «errespetatzea» eskatu du.

Eusko Jaurlaritzak ingurumen arloan aurkeztutako lege proposamenak industriaren jarduera lehenesten duela salatu du: «Aurkeztu dizkiguten lege egitasmoek ez dute behar bezala babesten ez ingurumena, ezta pertsonen osasuna ere. Enpresen jarduera errazteko egin dituzte». Enpresen hondakinen eta poluzioaren kontrola «berehalakoa» izan behar dela uste du koalizioak, Zaldibarko zabortegiko «arduragabekeria» berriz ez gertatzeko.

Ondare Naturalaren Kontserbazio lege egitasmoak jasotzen dituen proposamenen inguruan ere mintzatu da Gorrotxategi. Naturagune babestuetan obrak eta instalazioak debekatu behar direla azpimarratu du, eta Araban eraiki nahi dituzten zentral eolikoen aurka agertu da. Zuzenketetan hainbat proposamen egin dituzte; besteak beste, Biodibertsitatearen Euskal Agentzia sortzea proposatzen dute.

Negoziatzeko prest
Proposamenak gobernuari aurkeztu dizkiote, eta «jarrera negoziatzailea» daukatela baieztatu du Gorrotxategik: «Beti gaude negoziatzeko eta legeak hobetzeko prest». Oraindik ez dute Jaurlaritzaren partetik erantzunik jaso. Koalizioak espero du onartzen diren legeak aurkeztutako egitasmoak baino hobeak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.