"Egindako hamabost proposamenetatik, atzera bota dituzte hamalau. Horrek erakusten du EAJk ez daukala inongo interesik gurekin akordio bat egiteko. Argi dago ez diogula oparituko aurrekontuak onartzea, are gutxiago iaz PPrekin adostu zituzten aurrekontuen kalkoa izanda". Atzo egin zuten bilera Elkarrekin Podemoseko kideek Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazurekin, eta ondorio argia atera dute. "Agortutzat" jo dute negoziazioaren fasea, "borondate gutxi" ikusi dutelako adostasunak bilatzeko.
Martinezen iritziz, EAJk "euskal ezkerra haustea" bilatu du, eta "EH Bildurekin bakarrik negoziatzea". "EAJk uste du EH Bilduren bi abstentzioak merkagoa aterako zaizkiola arlo sozialean eta enpleguan askoz ere zorrotzago izango den euskal ezker batekin baino", adierazi du Martinezek. Ildo horretan, koalizio subiranista ere kritikatu du, EAJren "makulu" lana egiten ari dela iritzita.
Ortuzar: "Proposamen alboraezina"
Egoera horretan, EH Bilduri zuzendu zaio EAJ. PPk eta Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren aurkako jarrera erakutsi ondoren, hautatu beharra daukala esan dio Andoni Ortuzarrek EH Bilduri: edo Azpiazuren "proposamen alboraezina" onartu, edo "PPren aliatu taktiko" bihurtu. "Edo gehien behar duten pentsionistei, larri dabiltzan familiei eta enplegurik ez duten pertsonei lagundu, edo PPri lagundu".
Atzo, Elkarrekin Podemosekin ez ezik, EH Bildurekin ere bildu zen Azpiazu sailburua. Bileraren ondoren Maddalen Iriarte bozeramaileak adierazi zuenez, EH Bilduk uste du Jaurlaritza "mugitu" egin dela, baina proposamena ez dela "nahikoa". 48 milioi euroko diru poltsa baten norakoa negoziatzeko aukera eman zion sailburuak EH Bilduri, eta proposamena aztertzekotan geratu ziren.
Gaur goizean Iker Casanova legebiltzarkideak adierazi duenez, "oraindik alde handia dago" Jaurlaritzaren eta EH Bilduren proposamenen artean. "Pentsionisten eskaerei erantzun egokia eman ezean, ez da aurrekontuen inguruko akordiorik egongo".