EAJk Iñigo Urkullu aurkeztuko du Eusko Legebiltzarreko lehendakari izateko, eta, itxura guztien arabera, aukeratua aterako da. Nolanahi ere, Legebiltzarreko beste talde guztiak ere lehendakarigaia aurkezteko moduan dira, eta aukeratzen diren guztien artean boto gehien lortzen duenak eskuratuko du lehendakaritza. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ados jarriko balira, adibidez, EAJk baino boto bat gehiago batuko lituzkete. Akordio hori gertatuko balitz ere, EAJk nahikoa luke PSE-EEren edota PPren babesa Urkullu aukeratua ateratzeko.
Nolanahi ere, hori ez dela gertatuko jakinarazi du Elkarrekin Podemosek. Lander Martinezek azaldu du baztertu egiten dutela EH Bildurekin eta PSE-EErekin elkartuta "ezkerreko aliantza" egiteko aukera.
Ez dago jakiterik biharko bileran aukera horretaz hitz egingo duten edo ez, baina jakina da EH Bildu eta Elkarrekin Podemos mahai beraren bueltan eseriko direla bihar. EH Bilduk jakinarazi du 11:30ean bilera egingo dutela legebiltzarreko batzordeen aretoan. "Etorkizunera begirako erronkak eta balizko akordioetarako aukerak aztertzeko" bilduko direla aipatu dute.
Arnaldo Otegi, Miren Larrion, Maddalen Iriarte, Jasone Agirre eta Iker Casanova joango dira bilerara EH Bilduren izenean, eta Pili Zabala, Lander Martinez, Cristina Makazaga, Isabel Salud eta Nagua Alba Elkarrekin Podemosenean. Hain justu, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak izan dira aurrenak egiaztagutunak hartzen, gaur hartu baitituzte.