Autogobernua

Elkarrekin Podemosek boto partikularra emango dio estatutu berriaren hitzaurreari

Alderdiak "desadostasun gehiago" ditu "adostasunak baino" Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea estatutu berri baterako lantzen ari den hitzaurrearekin. EH Bilduk lortutako adostasuna haustea leporatu dio.

Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean. Artxiboko irudia. JUANAN RUIZ, FOKU
2018ko maiatzaren 18a
09:47
Entzun

Hurrengo asteazkenera arteko epea eman zioten elkarri Eusko Legebiltzarreko taldeek, estatutu berri baterako proposamenaren hitzaurrearen gainean akordioa lortzen ahalegintzeko. Legebiltzarreko autogobernu lantaldea hitzaurrerako EAJren proposamena aztertzen ari da. Azken bileran aipatu zuten taldeen desadostasunak boto partikularraren bidez jasotzeko aukera, eta bide horri heldu dio Elkarrekin Podemosek, EAJrekin eta EH Bildurekin eztabaidatu ondoren.

EAJren proposamenak Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa dela jasotzen du, eta "mendetasunik" gabeko harremana proposatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren artean. EH Bilduk balioa aitortu dio proposamenari. Aldiz, proposamenaren kontra agertu dira PSE-EE eta PP. Alderdi sozialistaren esanetan, EAJren proposamena ez da bateragarria egungo legediarekin, eta, PPren iritziz, proposamen erradikala egin dute jeltzaleek.

EH Bilduk Elkarrekin Podemosen erabakia gaitzetsi du eta azken bileran lortutako adostasuna haustea leporatu dio. Azaldu duenez, EAJk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk "testu bateratua" adostu zuten joan den asteazkenean. Testu horretan erabakitzeko eskubideari buruzko, euskal herriaren identitate nazionalari buruzko eta eskubide sozialak bermatzeko beharraren gaineko jarrera adostua finkatu zuten, zortzi ataleko dokumentuan. Testua "bot partikularrak aurkezteari irekia" zegoela ere zehaztu du.

EH Bilduk ez du arrazoirik ikusten Elkarrekin Podemosek "48 ordu baino gutxiagoko epean adostasuna hausteko". Koalizioak adierazi duenez, "harriduraz eta kezkaz" hartu du Elkarrekin Podemosen erabakia. Alde guztiek "arduraz" jokatu zutela nabarmendu du. "Hiru alderdiek eman zuten amore atal batzuetan, adostasuna posible izan zedin".

EH Bilduk "akordiora itzultzera" deitu du Elkarrekin Podemos. "Larria litzateke euskal gizartearen eskubideak ukatzen dituzten alderdiekin lerrokatzea".

Hurrengo asteazkeneko saioan, estatutu proposamenerako atariko tituluari buruzko eztabaidari helduko diote taldeek.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.