Martin Villaren galdeketaren harira, Sanferminak 78 Gogoan plataformak elkarretaratze batera deitu du biharko Iruñean. Espainiako Estatuko beste zenbait hiritan ere izango dira elkarretaratzeak.
Ministro frankista ohia galdekatuko duten egun berean deitu du elkarretaratzera Sanferminak 78 Gogoan plataformak Iruñean. Ekitaldian Martin Villa persona non grata izendatu duten euskal udalerrietako (Lizarra, Zizur, Iruñea, Irun, Gasteiz, Errenteria, Arrasate, Bergara, Elgeta, etab.) ordezkariak ere izango dira. Espainiako Estatuan ere deitu ditu elkarretaratzeetara CEAQUA Kereila Argentinarra Sostengatzeko Estatuko Koordinakundeak, hala nola Madrilen, Asturiasen edo Valentzian.
Madrilen (Espainia) galdekatuko dute Martin Villa ministro frankista ohia, Argentinak bertan duen enbaxadan. Argentinako justiziak gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkio, tartean 1976ko Gasteizko martxoaren 3koa, 1977ko Amnistiaren astekoa eta 1978ko San Ferminetakoa. Guztira, bera karguan zela, 90 pertsona hil zituzten.
2014ean jarri zuen martxan Maria Servini epaile argentinarrak Villaren aurkako epaiketa, bera estraditatzeko eskatu zuenean. 2016ra arte ez zuen lortu Villaren deklarazioa baimentzea, estradizioa ukatu baitzion Espainiako Gobernuak. Hala ere, Auzitegi Nazionalak debekatu egin zion Serviniri galdeketa Espainian izatea, 1977ko Amnistiaren Legeak frankismo garaietan gertatutako krimenak deuseztatzen dituela argudiatuta. Ia bi urteren ondoren heldu da galdeketa, galdetzailea Argentinan eta inputatua Espainian direla. CEAQUAk adierazi du espero duela «horrenbeste saiakeraren ostean, galdeketa gauzatu dadila».
Presidente ohien babesa
Galdeketa gauzatu baino bi egun aurretik, Espainiako Gobernuko azken lau presidente ohiek eta beste hainbat kargu politiko zein sindikalek sinatutako babes gutunek hautsak harrotu dituzte. Felipe Gonzalezek, Jose Maria Aznarrek, Jose Luis Zapaterok eta Mariano Rajoyk Villak Espainiako Trantsizioan izandako garrantzia azpimarratu dute, «kontsentsuaren eragile» bezala definituz. Villak berak egindako adierazpenetan, hasieratik galdekatua izateko «asmoa adierazi» duela esan du, baina kargu horiek «ezinezkoak» direla gehitu du.
Bestalde, CEAQUAK dio Villari babesa ematea «Servini epailearengan presio politikoa ezartzeko ahalegin zikina» dela, eta ikuspuntu juridiko-prozesal eta demokratikotik «onartezina» beharko lukeel.