ERASO SEXISTAK

Elkarretaratze jendetsuak eraso sexisten aurka Ordizian eta Portugaleten

Dozenaka lagun bildu dira bi herrietan. Zumaian ere deitu dute protestara, bi gizonek zenbait adingaberi eginiko erasoak salatzeko.

Ordiziako herriko plazan, eraso sexisten aurka egindako elkarretaratzea. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
Saioa Alkaiza Guallar - Jone Amonarriz
2015eko uztailaren 24a
10:50
Entzun

Jaietako txupinazoaren aurretik egin dute elkarretaratzea Ordizian (Gipuzkoa), Eraso sexistarik ez! lelopean. Kimetz elkarteko kideak eta udalbatzako eta alderdi politikoetako ordezkariak egon dira, besteak beste, herritarrekin batera pankartaren atzean. Joan den asteburuko erasoak salatu, eta erasoak jasandako emakumeei babesa adierazi diete. Elkarretaratzean esan dutenez, erasotzaileen jarrera ez ezik, “horiei babesa ematen dietenen jarrera” ere salatu dute, “egoera ikusita ezer ez egin eta gainera barre egiten dutenak ere erasoen konplize” direlako.

Horregatik, “erasoen inguruan zero tolerantzia” edukitzeko eskatu dute, eta “hori guztion ardura” dela esan dute. “Jaiek jendarte aske eta parekide baterako gune” izan behar dutela adierazi dute, eta halako egoerei “aski da” esateko garaia iritsi dela azpimarratu. Ordiziako Udalak ere festak erasorik gabeko gune izatea nahi duela esan du, “emakumeek jaiak askatasun osoz gozatzeko eskubidea” dutela gogoratuta. Elkarretaratzearen bideoa (Goierriko Hitza).

[youtube] https://www.youtube.com/watch?v=lR2KjsaT9-4 [/youtube]

Portugaleten (Bizkaia), erakundeetako ordezkariak, Mikel Torres alkatea, Teresa Laespada diputatua eta hainbat herritar elkartu dira eraso sexistei ezetz esateko.

Zumaian ere (Gipuzkoa) hainbat sexu eraso gertatu dira hil honetan, mugimendu feministak salatu duenez. Asanblada Feministak, Berdintasun Foroak eta Gurasoak elkarteak deitu dute elkarretaratzera, gertatutakoak gaitzesteko.

Ordiziako festetan, bi eraso

Herritar talde batek eman zuen gertatutakoaren berri. "Bi eraso salatu dira, baina sobera dakigu gehiago izan direla", ohartarazi dute, gaiaren larritasunean mira jarriz. Eta galdera erretorikoa ekarri dute gogora: "Nola esan behar da ezetza ezezkoa dela, eta horretan ezin dela eztabaidatu?". Haien hitzetan, ez dira soilik erasotzaile zuzenak errudunak; gertatutakoa ikusi zutenen jarrera ere izan dute aztergai: "Haien lagunak, egoerari aurre egiteko ezer egin ez eta gainera barre egin dutenak, horiek ere konplizeak dira".

21 urteko gizon bat atxilo Portugaleten

Uztailaren 12an jazo zen Portugaleteko erasoa. Emakume bati eraso egin zion gizon batek, baina, gogor egin, eta ihes egitea lortu zuen emakumeak. Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun, goizaldean. Uste dute, gainera, herri berean izandako beste eraso sexista batekin lotuta egon daitekeela, polizia iturrien arabera. Bestalde, herenegun Sestaon (Bizkaia) izandako erasoen harira, ohar bat kaleratu du udalak. "Gaitzespen eta arbuiorik gogorrena" agertu dute, eta konpromisoa hartu dute indarkeria sexistaren kontra egiteko. 

Nerabeei ukituak Zumaian

Uztailaren 15ean izan zen gertaeretako bat, 23:30 aldera, Patxita Etxezarreta kaleko autobusaren geltokian. Han zegoen 80 bat urteko gizon batek ukituak egin zizkien 12 eta 13 urte bitarteko nerabe batzuei. Maider Etxabek, horietako baten amak, gertatutakoa jakin, eta plazaratu egin nahi izan du, "berriz gerta ez dadin". "Gizona jazarri egin zitzaien, haurrek korrika ihes egitea lortu zuten arte". Bizilagun batek eman zion alabari gertatutakoaren berri. "Denbora dezente" zeraman gizonak gaztetxoei segitzen, haren hitzetan. Salaketa jarria dute jada.

Ardantzabidean izan zen beste erasoetako bat. Gizon batek musu eman nahi izan zien 10 eta 13 urte bitarteko neska batzuei, gozoki truke. Mari Mar Oteizaren alaba izan zen horietako bat. "Ez zen lehenengo aldia izan; gizon bera jazarri egin zaie beste hainbat neskari; ukituak egiten saiatu da...". Ondorioz, antolatu eta euren kasuaren berri ematea erabaki dute inplikatutako adingabe batzuen gurasoek. Salaketa ipini dute Zarauzko polizia etxean, eta Azpeitiko epaitegiaren deia ere jaso dute. Orain, auzitegiaren urratsen zain daude.

Berdintasun Foroak "babesik beroena" adierazi die erasoa jasan dutenei; indarkeria matxista kasu "bakana eta anekdotikoa" ez dela adierazi du, eta gertatutakoa salatu. Asanblada Feministako kide Maddi Altunak eta Maitane Osak egiturazko analisia egin dute: "Arazoa errokoa dela uste dugu, eta, horregatik, konponbidea ez da polizia eta epaileen ekinbide soiletik etorriko. Guztion eginbeharra da halako egoerei aurka egitea. Instituzioak, eragile sozialak eta herritarrok irmo agertu behar dugu, egunero eta eremuz eremu. Eta, halako erasoen kontra, erasoa jasandakoak babestu eta erasoak gogor salatu behar ditugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.