Oiahana Elduaien
«Terrorismoaren kontrako borrokan» elkar hartuta azaldu dira alderdi politiko gehienak, ETAk Legutioko (Araba) kuartelaren kontra lehergailu handia jarri eta Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil zuenetik. Horren erakusle da gaur arratsaldeko 19:30erako Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantzan deitu duten elkarretaratzea. Arabako PSE-EEk, PPk, EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek antolatu dute bilkura, elkar hartuta.
Batera azaldu ziren alderdi horietako kideak atzo PSE-EEren egoitzan egin zuten agerraldian. Aralarreko ordezkaririk ez zen izan, ezin zutelako joan. PSE-EEren Arabako idazkari nagusi Txarli Prieto, EAJren Araba Buru Batzarreko presidente Iñaki Gerenabarrena, PPren Arabako presidente Alfonso Alonso, EBren Arabako koordinatzaile Jose Miguel Fernandez eta EAren Arabako zuzendaritzako kide Patxi Martinez de Albeniz agertu ziren. Herritarrei dei egin zieten, gaur 19:00ean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan ETA ez, askatasuna lelopean egingo duten elkarretaratzera joateko.
Deialdi bateratua egiteaz gain, testu bat ere adostu dute sei alderdi horiek. Bihar, elkarretaratzearen ostean irakurriko dute. Prietok goratu egin zuen akordiora iristeko alderdiek izan duten «eskuzabaltasuna», eta azpimarratu zuen, elkarretaratzearen helburua, Arabako gizarteak ETAri «mespretxua» adieraztea dela. Gerenabarrenak azpimarratu zuen orain, arabarren unea dela, ETArekin ados ez daudela esateko unea.
ELKARRETARATZE UGARI. Batasun horren itxura ematen saiatu ziren erakunde publikoen aurrean egin zituzten elkarretaratzeetan ere. Esate baterako, Gasteizen elkarren ondoan egon ziren Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxe, Espainiako Gobernuko lehendakariorde Maria Teresa Fernandez de la Vega, EAEko PPko lehendakari Maria San Gil, eta IUko koordinatzaile nagusi Gaspar Llamazares.
EUDELek deituta, udaletxeen aurrean egin ziren elkarretaratze isilak eguerdian, Legutioko atentatua gaitzesteko. Bakearen Aldeko Koordinakundeak arratsaldean egin zuen, esate baterako Bilbon eta Iruñean. Iruñean AVTk deitutako beste elkarretaratze bat ere egin zuten.
Lakuako elkarretaratzean izan zen Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkarate, beste 300 lagunekin batera. «ETAk murgildu nahi gaituen indarkeriazko espiraletik ateratzeko bideak bilatzeko» eskatzen diete herritarrek politikariei, haren ustez. ETAri esan zion atentatu «alferrikako eta antzuekin» ezer ez duela lortuko. Hildako guardia zibilaren familiari, zaurituei eta Estatuko Segurtasun Indarrei ere zuzendu zitzaien Azkarate, elkartasuna azaltzeko.
Legutioko elkarretaratzean ehun bat lagun batu ziren, pankartarik gabe eta isilik. Pedro Berriozabal (EA) alkatea han zen, eta baita Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Lan sailburua ere. Azken horrek Herri Irratia-Loiola Media irratian egin zioten elkarrizketan esan zuen, ezin dela esan atentatua «gatazkaren ondorio» denik. Haren ustez, atentatua «hiltzean eta mina egitean besterik pentsatzen ez duen banda terrorista baten ankerkeriaren» ondorio da, eta ez besterik. Horregatik, «giro horren inguruan egon, eta ekimen hauen alde ez dauden kolektiboei» eskatu die «ahotsa altxatzeko».
Orain, lehentasuna «ETA amaitzea» dela aldarrikatu zuen Iñaki Azkuna alkateak (EAJ) Bilboko mobilizazioa amaitutakoan. Elkarretaratze hartan izan ziren, besteak beste, Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Iñigo Urkullu EAJko EBBko burua, Antonio Basagoiti Bizkaiko PPren lehendakaria eta Josu Onaindia CCOOren EAEko idazkari nagusia ere.
Bilbon egin zuen elkarretaratzea ELAk ere. Ez gaude ados jartzen zuen pankartaren atzean batu ziren sindikatuko kideak. Patxi Agirrezabal komunikazio arduradunak salatu zuen «aldaketaren» alde lanean ari direnentzako «zailtasuna» dela ETA. Hala, jarduera uzteko eskatu zion erakunde armatuari, «soberan» dagoela, eta «enbarazu» egiten duela iritzita.
EHAK eta EAE-ANV ez beste alderdi guztiak bat eginda agertu dira atentatuaren ostean. Espainiako Kongresuan ere aho batez onartu zuten alderdiek testua, eta Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapatero pozik agertu zen horregatik. Ohikoa ez den itxura eman zuten PPk eta PSOEk batera egindako agerraldian. Aurrerantzean ere bide hori segitzeko eskaintza egin zion PPko presidente Mariano Raxoik Zapaterori.
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak ere eman zuen ETAren jardueraren inguruko iritzia, Andaluziako Unibertsitate batean emandako hitzaldian. «Terrorismoarekin amaitzeko legea aplikatu behar da, bidezidorrik gabe», adierazi zuen.
ETA-ren atentatua Legution
Elkarretaratzea antolatu dute Arabako PSEk, PPk, EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek
19.00etan egingo dute bilkura, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan. Batera azaldu ziren alderdi horietako kideak atzo PSE-EEren egoitzan egin zuten agerraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu