Bilboko konpartsek elkarretaratzea egin dute dute gaur, «erasotzaile guztiei gaitzespena adierazteko», Arriaga antzokiaren aurrean. Bilboko Udalak elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du. Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak azken egunotako sexu erasoak gaitzetsi ditu, eta horiek eragozteko neurriak har ditzatela eskatu die erakunde publikoei.
Izan ere, bi gizonek sexu erasoa egin zioten atzo goizaldean 15 urteko neska bati, Bilboko erdigunean. Udaltzaingoak bi gizon atxilotu zituen erasoaren egileak zirelakoan, baina aske laga zituzten gutxira, kargurik gabe. Ertzaintzaren esku geratu da ikerketa; erasotzaileen bila jarraitzen dute. Erasoaren ondoren, biktima Basurtuko ospitalera eraman zuten, baina salaketa jarri ostean etxean dela adierazi du Ertzaintzak.
Herrizaingo Sailaren arabera, goizaldeko 03:00 aldera gertatu zen erasoa. Gaztea etxera itzultzen ari zela harrapatu zuten gizonek, Estraunza kalean; hurbileko karrika batera eraman, eta bortxatu egin zuten. Handik gutxira atxilotu zituzten udaltzainek bi lagun, erasoa egotzita. Ikerketa Ertzaintzaren ardurapean geratu zen ondoren. Haien arabera, atxilotuak erasoaren egileak zirela frogatzeko zantzurik ez zegoen, eta, beraz, kargurik gabe aske utzi zituzten goizean. Hartara, erasoaren egileen bila jarraitzen du Ertzaintzak.
Aste Nagusiari begira, emakumeek jaiak askatasunez bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu zuten konpartsek eta Udalak iragan astean. Zehazki, sexu erasoen aurkako sentsibilizazio kanpaina abiatu zuen Udalak, eta konpartsek protokolo berezia jarri dute martxan, baita hainbat mobilizazio antolatu ere. Ez da nahikoa izan. Jaietan jazotako bigarren erasoa da atzokoa. Izan ere, igandean gizon bat atxilotu zuten, emakume bati botila batekin erasotzea egotzita. Beste emakume bati ukituak egitea leporatu zion gizonari erasoa jasan zuen emakumeak.
Emakumeen kontrako indarkeria
Elkarretaratzea egin dute Bilbon, 15 urteko neska batek jasandako sexu erasoa salatzeko
Konpartsek antolatu dute, eta Udalak bat egin du deialdiarekin. Atzo goizaldean Bilboko erdialdean bortxatu zuten 15 urteko neska.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu