Elkarretaratzea egin dute eguerdian Lasarte-Orian (Gipuzkoa), Isavel Velez emakumearen hilketa gaitzesteko. Ustez semeak hil zuen 48 urteko andrea. Lasarte-Oriako Udalak egindako deialdiari dozenaka herritarrek erantzun diote, eta han izan dira erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak ere, Lasarte-Oriako alkate Ana Urtxuegia buru zutela. Han izan dira, besteren artean, Genero Indarkeriaren EAEko Biktimen Arretarako zuzendari Mariola Serrano, eta Emakundeko idazkari nagusi Arantza Elizaondo. Udalak osoko bilkura berezia egingo du etzi, gaia aztertzeko.
Ustezko hiltzaileak arazo psikiatrikoak zituela zabaldu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, eta Urtxuegiak kontuak eskatu dizkio Gipuzkoako Diputazioari. "Sistemak huts egin du, eta argi esan behar da hori. Gaztea Diputazioaren ardurapean egon zen, baina, zoritxarrez 18 urte egitean huts egiten da, baliabiderik ez dagoelako".
Gaurkoa ez da izango Velezen hilketa salatzeko proesta bakarra. Emakumeen Mundu Martxako Plataformak ere mobilizazioak antolatu ditu, hilketa salatzeko. Astelehen iluntzean egingo dituzte elkarretaratzeak, ohiko protokoloari jarraituz, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta beste dozena bat herritan. Emakumeen aurkako indarkeria patriarkatuan oinarritzen dela nabarmendu du plataformak, eta emakumeen «mendekotasuna betikotzeko» erabiltzen dela indarkeria.
Erakunde publikoek ere salatu dute hilketa. Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak hilketa gaitzetsi dute. Emakundek nabarmendu duenez, etxe barruko indarkeria ere «genero indarkeriaren erakusgarri da, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunaren sinbolo basatiena». Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza bat etorri da adierazpen horretan. Gizarteari dei egin dio, bestalde, «berdintasunerako balioak» bere egin ditzan.
Aralarrek ere salatu du hilketa, eta doluminak eman dizkie Velezen senide eta gertukoei. Hilketa salatzeko ekitaldietan parte hartuko duela iragarri du alderdiak.
Aurten hil duten hirugarren emakumea
Isabel Velez, 48 urteko emakumea, hilik atzeman zuten atzo, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Ustez, 23 urteko semeak hil du, labanaz, eta Ertzaintzak atxilo hartu du. Atzo hil zuten Velez, eguerdiko ordu biak aldera. Lasarte-Oriako Zelaialde kaleko bigarren atarian bizi zen, eta han ondoan agertu da hilik. Ertzaintzak bizilagun baten deiagatik jakin zuen gertatuaren berri. Deiaren arabera, emakume bat jotzen ari zen mutil bat kalean. Haraino joan ziren ertzainak, eta larri zauritua aurkitu zuten Velez, etxe ondotik errepidera jaisteko eskaileretan. Anbulantziak eskatu zituzten ertzainek, baina larrialdi zerbitzuak bertaratu zirenerako, emakumea hilik zegoen.
Velezen semea lekuan bertan atzeman zuten. Lasarte-Oriako alkate Ana Urtxuegiak zehaztu du Velezek arazoak izan zituela 23 urteko semearekin -beste seme bat du Velezek, 13 urtekoa; hura ere ez zen amarekin bizi-. Amak ez zuela inoiz salaketarik jarri, baina udaltzainak haien etxera zenbait alditan joan zirela jakinarazi du alkateak, istiluak izan zituztelako. Bestalde, semeak amarengandik urruntzeko agindua eduki duela azaldu dute zenbait auzok.
Isabel Velez da emakumeen aurkako indarkeriagatik aurten hildako hirugarren emakumea. Hamabi egun eskas dira Barakaldon (Bizkaia) beste gizon batek ustez ama -Amelia Sanchez, 65 urtekoa- hil zuenetik. Lasarte-Oriako hilketak harena ekarri du akordura. Urtarrilaren 17an, berriz, Elena Cal hil zuen ustez haren bikotekide ohiak Tolosan (Gipuzkoa).
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
Elkarretaratzea egin dute Lasarte-Orian, atzoko hilketa gaitzesteko
Semeak ama hil zuen atzo eguerdian Lasarte-Orian, eta udalak deituta egin dute protesta. Astelehenerako deialdiak egin ditu Emakumeen Mundu Martxako Plataformak. Isabel Velez da aurten Euskal Herrian hil duten hirugarren emakumea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu