Osasuna

Elkarretaratzeak egin dituzte Bilboko ospitaleetan, udan oheak kentzearen aurka

Erizaintzako Teknikarien Sindikatuak (SAE) elkarretaratzeak egin ditu goizean Gurutzetan eta Basurtun. Osakidetzak 371 ohe kenduko ditu abuztuan Bizkaian, sindikatuaren esanetan.

SAEren protesta. NEREA IBARZABAL
Nerea Ibarzabal
2014ko uztailaren 24a
08:25
Entzun

Osakidetzaren ustez, uda sasoian nabarmen jaisten da ospitaleetako gaixo kopurua, sindikatuak bat ez datozen arren. Uztailaren 24ko 11:00etan, Gurutzetako ospitalean jendea aurrera eta atzera dabil; lantzean-lantzean irteten da amonaren bat gurpil-aulkian edo gazteren bat hanka igeltsatuta.

Ospitale aurrean hogei pertsona inguruko talde bat bildu da ordu horretan. Pankarta eta banderak daramatzate SAEko kideek, Erizaintzako Teknikarien Sindikatukoek. “Osakidetzak langilerik ez kontratatzeko kentzen ditu oheak, ez udan gaixo gutxiago dagoelako. Gaixotasunek ez dituzte hilabeteak bereizten”. Hala mintzatu da Cecilia Talledo, Bizkaiko SAEko idazkaria.

Osakidetzaren murrizketa-politikaren eta udan oheak kentzearen kontrako jarrera adierazteko elkartu da sindikatua Gurutzetan, eta gauza bera egin du 12:00etan Basurtun. SAEren arabera, guztira 371 ohe gutxiago egongo dira abuztuan bi ospitaleetan (201 kenduko dituzte Gurutzetan eta 170 Basurtun).

Talledoren hitzetan, murrizketa horiek gaixoen eta langileen bizi-kalitatea kaskartzen dute. “Ohe faltaren ondorioz, eriek larrialdi zerbitzuetan bi edo hiru egun itxaron ditzakete. Langile zerrenda ere murrizten dutenez, zaila da gaixo guztiei arreta on bat eskaintzea”. Egoerak estresa sentiarazten diela ere adierazi du Talledok: “Gaixoaldian den langilea ez dute ordezkatzen hasierako egunetan, eta, orduan, gainerako erizainek lan gehiago egin behar dute”.

Osasuna “negozio” bilakatu dela salatu du Talledok, eta murrizketa gehiago ez egiteko eskatu du. “Beste kolektibo batzuk bulegoetan kexatzen dira, baina guk ikusi dugu han ez dutela kasurik egiten, eta kalera irten gara azkenean, herriak jakin dezan”. Irailean protestatzen jarraitzeko asmoa dutela esan du sindikatuko idazkariak.

Zaldibarren ere ohe gutxiago

Ohe-murrizketek Zaldibarko Ospitale Psikiatrikoan ere sortu dute oihartzuna, bertako 35 oheko unitate bat kentzea erabaki baitu Osakidetzak. Hori saihesteko, ehundik gora langile elkartu ziren asteazken honetan Bizkaiko Buruko Osasunaren Administrazioaren egoitza aurrean. CCOO sindikatuak adierazi duenez, «Zaldibarko langileak beldur dira, Osakidetzak Gipuzkoako Buruko Osasunaren eredua jarraitu nahi duela uste dutelako, eta hor dena esku pribatuetan dago». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.