ELA sindikatuak atzo gauean jakinarazi zuen Gasteizko Caser zahar etxeko behargin bat hil zela COVID-19 eritasunaren eraginez. Euskal Herrian gaixotasun horren ondorioz hil den egoitza bateko lehen langilea da. Horregatik, sindikatuek deia egin zuten gaur eguerdian elkarretaratzeak egiteko Gasteizko zahar etxeen aurrean, «hildako langileari omenaldia egiteko eta enpresei eta Arabako Foru Aldundiari eskatzeko langile guztien segurtasuna eta babesa bermatzea».
Hildako langileak egoitzako unitate soziosanitarioan egiten zuen lan. Arabako Foru Aldundiak eta Osakidetzak hara bideratzen ditu mendekotasunen bat duten pertsonak eta zaintza premia bereziak dituztenak. Egoera larria izan da bertan, unitate horretako 21 pazienteetatik 20ri atzeman baitiete koronabirusa. Gainera, zahar etxe horretan dauden 30 egoiliar baino gehiago hil dira gaixotasun horren eraginez. Araban, denera, zahar etxeetako 134 egoiliar hil dira.
ELA sindikatuak adierazi du egun zahar etxeetan dituzten prebentzio neurriak ez direla nahikoa, ezta dituzten babes ekipamenduak ere. Babes neurriak areagotzeaz gain, langile orori COVID-19a atzemateko testak egiteko eskatu dute. Bide beretik, LAB sindikatuak plan egoki bat prestatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, egoitzetako langileek «bizi duten egoera penagarriari» aurre egiteko.
CCOO eta UGT sindikatuek ere beharginen egoera salatu dute, eta instituzioen kudeaketa kritikatu. Azken horrek hildako beharginak lanean izaniko «konpromisoa» ere goraipatu du. Izan ere, sindikatu horretako kide zen.