ELAk datorren astelehenerako, otsailak 4, elkarretaratze batera deitu du 11.30etarako Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, Bilboko Moyua Plazan. Agerraldian, PPn izandako ustezko ezkutuko ordainketen auzian "PPren gobernuak dituen erantzukizun politikoak berehala garbitzeko" eskatuko du sindikatuak.
"Krisia ez da soilik auzi sozial eta ekonomiko bat: politikari eta demokraziari berari eragiten dio", azaldu du sindikatuak, elkarretaratzera deitzeko zabaldutako oharrean. Erantsi duenez, El País kazetak gaur argitaratu den informazioak frogatzen du "gobernuaren erabakiekin etekina lortu duten enpresek PPri zerbitzuak ordaindu egiten dizkiotela, eta honek, berriz, bere zuzendaritzako eliteari".
ELAren ustez, "gutxieneko maila demokratikoa duen estatu batean halako gertakari larriak egonez gero, gobernuak dimisioa emango luke eta ikerketa judizial independiente bati ekingo liokete, ardurak garbitzeko". Horixe egiteko eskatu du sindikatuak. "Ezin da beste aldera begiratu ikusten ari garena ikusirik: deskonposizio politikoa, gainbehera demokratikoa, eta kapitalak klase politikoa eskubide sozial eta laboralak suntsitzeko erabiltzea".