Politika

"Elkarrizketa, bai; abentura, inoiz ez", esan dio Zapaterok Ibarretxeri

Ekainaren 27a baino lehen bildu nahi du Espainiako gobernuburuak Jaurlaritzako lehendakariarekin, baina data zehaztu gabe dago. Ibarretxeren bide orriaren arabera, egun horretan Eusko Legebiltzarraren oniritzia eskatuko die lehendakariak, herritarrei Espainiako Gobernuarekin lortutako balizko akordio baten inguruan galdetzeko.

2008ko apirilaren 29a
13:12
Entzun
Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariarekin uda baino lehen egingo duen bileran kontsultaren aurkako jarrera agertuko diola berretsi zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak atzo. «Elkarrizketa, elkar ulertzea eta elkarlana, bai, EAEren eta Espainia osoaren onerako; abentura, inoiz ez», adierazi zuen Zapaterok TVEko 59 segundos saioan egin zioten elkarrizketan.

Gobernuko iturriek Efe agentziari azaldu diotenez, ekainaren 27a baino lehen bildu nahi du Zapaterok Ibarretxerekin, baina data zehaztu gabe dago. Ibarretxeren bide orriaren arabera, egun horretan Eusko Legebiltzarraren oniritzia eskatuko du lehendakariak herritarrei Espainiako Gobernuarekin lortutako balizko akordio baten inguruan galdetzeko. «Ez da egingo ez galdeketa hori ezta Espainiako legedia eta ordenamendu konstituzionala errespetatzen ez dituen besterik ere», ziurtatu zuen Zapaterok.

Iazko urrian Moncloa jauregian hartu zuenean helarazi zion mezu berbera errepikatuko dio Zapaterok Ibarretxeri. «Hitz egin dezagun, egin ditzagun gauzak elkarrekin, baina ezin du inork joko arauak hautsi eta euskal gizartean gero eta babes txikiagoa duen proiektu bat saiatu. Hori ez da gertatuko», zehaztu zuen Espainiako gobernuburuak.

ETArekin ez dela elkarrizketarik egongo berretsi zuen Zapaterok, «irmotasunez» berretsi ere. Erakunde armatuari geratzen zaion bide bakarra «armak uztea» dela eta hori «berandu baino lehen» ikusi nahi duela gaineratu zuen. Hasi berri den legealdian PP eta EAJrekin itun antiterrorista bat egiteko aukerari buruz galdetuta, «nolabaiteko elkar ulertzea» lortzeko itxaropena agertu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.