Miren Azkaratek bihar Ibarretxek izango duen agenda aurreratu du. Goizean UAko, PSE-EEko eta EBko bozeramaileekin bilduko da hurrenez hurren; Enriqueta Benito, Patxi Lopez eta Antton Karrera. Arratsaldean, berriz, SA, EA eta EAJko bozeramaileekin bilduko da; Arnaldo Otegi, Rafael Larreina eta Joseba Egibar. "Biharko elkarrizketen helburua egungo egoera politikoaren diagnostiko komun bat adostea izango da".
Egungo egoera politikoari aurre egiteko "inteligentzia eta lasaitasuna" eskatu du Azkaratek. "Euskal Herriko gizarteak gauza bat eskatu digu alderdi politikoei: hitz egitea. Euskal gizartea lasai dago, ez dago ez urduri ez eta sututa. Gatazkarekin amaitzeko ordua heldu da, eta konponbideak bilatu behar ditugu. Horretarako, elkarrizketa ezinbestekoa da".
Ostegunean Ibarretxe eta Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapatero Moncloan bilduko dira. Azkaratek "ausardia" eskatu dio Zapaterori. "Ibarretxe elkarrizketa eskaintzera joango da Madrilera, eskua luzatuta. Elkarrizketa ukatzen duenak konponbidea ukatzen du. Iritzi ezberdinak dituzten bi lagun elkar ulertzeko modu bakarra elkarrizketa da. Euskal Herriak bizi duen gatazkarekin bukatzeko aukera on baten aurrean gaude, eta Zapaterok egoera honi aurre egiteko ausardia erakutsi beharra dauka".
Estatutu Politiko Berrirako Proposamena
Elkarrizketa prozesu bat hasi asmoz "inteligentzia" eskatu die Jaurlaritzak alderdi politikoei
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Miren Azkaratek "inteligentzia eta lasaitasuna" eskatu die alderdi politikoei, "gatazkaren konponbidea lortu asmoz zabaldu daitekeen elkarrizketa prozesu bati ekin ahal izateko". Bestalde, bihar Ibarretxe Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdiekin bilduko dela gogorarazi du Azkaratek; PP izango da bilerara joango ez den alderdi bakarra. Azkaratek Alderdi Popularraren jarrera salatu du. "Ez gaitu harritzen PPren jarrerak. Zoritxarrez, ohituak gaude PPk eztabaida politikoari uko egiten ikustea. Eztabaida politikoari aurre egin ordez, nahiago izaten dute epaitegietara jotzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu