euskara

"Elkarrizketaren bidea" hautatu du Euskaltzaindiak

Ez dituzte dimisio eskaerak aztertu ere egin. Andres Urrutia euskaltzainburuak esan du Gramatika Batzordearekin konpontzen saiatuko direla, eta Sarasolari "uzteko asmoa duen" galdetuko diotela. Arantxa Iraola BERRIAko kazetariak zuzenean jarraitu du bilera ondorengo agerraldia. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2004/[/berriatb]

Gari Goikoetxea-Arantxa Iraola
2013ko abenduaren 20a
15:33
Entzun

Euskaltzaindiak osoko bilkura zuen gaur Baionan, Euskal Museoan, baina jakinmin handia piztu badu ere, ez da Gramatika Batzordearen eta Ibon Sarasola hiztegiaren arduradunaren dimisioen gainean erabakirik hartu. Aztertu ere ez dituzte egin, Urrutiak esan duenez. Zuzendaritzako gainerako kideekin batera agertu da hedabideen aurrera, eta "elkarrizketaren bidea" hautatu dutela azaldu du.

Bileraren ondoko agerraldian adostasunaren aldeko agiri bat irakurri du Urrutiak, bateratua, orokorra. Adostasunaren bidea hautatu dutela esan du euskaltzainburuak. Jakinarazi du, gainera, elkarrekin bazkaltzera joango zirela ondoren. Arratsaldean beste ekitaldi bat dute euskaltzainek Baionan: Jean Haritxelar euskaltzainburu izandakoa omenduko dute. 15:00etan hasiko da, herriko etxean. Irailaren 1ean zendu zen Haritxelar.

Dimisioekin hasi zen abendua

Hilaren 3an, Euskararen Egunean, jakinarazi zuen dimisioaren berri Gramatika Batzordeak. Osoko bilkurak hartutako erabaki batekin ez daude ados. Euskaltzain batek proposaturik, gramatika “erabilgarriagoa” egiteko eskatu zuen osoko bilkurak, Gramatika Batzordearen egitasmoari ohar eginda. Bost euskaltzain oso daude batzorde horretan: Pello Salaburu (batzordearen burua), Miren Azkarate, Piarres Xarriton, Patxi Goenaga eta Beñat Oihartzabal.

Biharamunean, Ibon Sarasolak jakinarazi zuen kargua utziko zuela. Euskaltzaindiaren hiztegiaren arduraduna izan da urteetan. Euskaltzaindiko zuzendaritzaren aurka hitz egin du Sarasolak harrezkero, eta esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak kargua uztea beste irtenbiderik ez dagoela.  

Ardurak bai, baina euskaltzain oso gisa duten postua ez dute utzi. Beraz, gaurko bileran izateko aukera dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.