POLITIKA

Elkarrizketari ekiteko eskatu dio Friendship taldeak Espainiako Gobernuari

Euskal Herrian bake prozesua sustatzearen aldeko taldeak adierazpena egin du gaur Bruselan. Ezker abertzalearen agiriaren aurrean, Espainiako Gobernuari dei egin dio aukera baliatzera. Europako erakundeek bake prozesuan parte hartu behar dutela esan dute europarlamentariek.

2010eko otsailaren 24a
13:53
Entzun
Euskal Herrian bake prozesua sustatzearen aldeko Friendship taldeak adierazpena egin du gaur Bruselan. Ezker abertzaleak kaleratutako agiriaren karietara, taldeak adierazi du "urrats handia" izan dela bake prozesua abiatzeko. Nabarmendu du soilik bide politikoen aldeko apustua egin duela ezker abertzaleak, eta dei egin dio Espainiako Gobernuari abagunea baliatzera. "Erantzukizunez aritzeko eskatzen diogu Espainiako Gobernuari", adierazi dute. Berandu baino lehen elkarrizketei ekiteko eskatu dute Friendship taldeko kideek.

Espainiako Gobernuari soilik ez, gainerako aldeei ere erantzukizunez jarduteko eskatu diete europarlamentariek. "Konpromisoa hartu behar dute bakerako elkarrizketak ekarriko dituen prozesua abiarazteko, hartara euskal herritarrek beren etorkizunaz erabaki ahal izan dezaten, askatasunez eta inolako larderiarik gabe". Bereziki nabarmendu dute Europako Batasuneko erakundeek ere lagundu behar dutela bake prozesua bideratzen.

Friendship taldea Europako hainbat herrialdetako europarlamentariek osatzen dute. 2006an sortu zen, Euskal Herriko gatazka konpontzearen alde lan egiteko. 2009ko Europako Parlamenturako bozen ondotik, gaur aurkeztu dituzte taldeko kide berriak. Aurrerantzean honakoak izango dira kideak: Berdeetako Tatjana Zdanoka, Frieda Brepoels, Bart Staes, Oriol Junqueras, François Alfonsi, Jill Evans, Ian Hudghton eta Alyn Smith; Europako Ezker Batua Taldea-Ezker Berde Nordikoko Bairbre de Brun, Eva-Britt Svensson eta Jiri Mastalka; eta Csaba Sogor, Europako Alderdi Popularrekoa, demokristaua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.