Emaitzei erreparatuta, EHAK alderdi gazteak ezustekoa eman zuen, EAJ-EA koalizioak behera egin zuen eta PSE-EEk, Madrilgo Gobernuaren babesari esker,gora. Maria San Gilen PPk sekulako jipoia jaso zuen, 100.000 boto baino gehiago galdu zituen; bigarren indar zena hirugarren bihurtu zen.
2001eko hauteskundeekin alderatuta, oso bestelakoa izan zen 2005eko hauteskundeetako giroa. 2001ean Redondo Terreros (PSE-EE)-Mayor Oreja (PP) bikoteak osatutakoa «bloke konstituzionalistaren» porrotak hausnarketa sakona eragin zuen sozialistengan. Baina baita urtebete lehenago PSOEk Espainiako Gobernua eskuratu izanak ere.
Lehendakaritzara heltzeko bidean bi hautagai nagusitu ziren: Patxi Lopez PSE-EEkoa eta Juan Jose Ibarretxe EAJ-EA koaliziokoa.Batak lehen aldia zuen eta besteak hirugarrena. Ibarretxek irabazi zuen norgehiagoka. Hilabete batzuk lehenago Eusko Jaurlaritzak onartutako Estatutu Berrirako proposamenak Espainiako Kongresuan izandako harrera txarrak eragina izan zuen Ibarretxeren garaipenean. Hauteskundeak aurreratu eta irabazi zituen; baina botoak galdu.
Irudi, mezu eta lelo ezberdinen gainetik, gai batek hartu zuen kanpainaren erdigunea: bakeak. Legez kanporatzeen dinamikarekin Espainiako Gobernuak erakutsitako jarrera eta mugimendu independentistaren aurkako jazarpenak jarraitzen zuela ikusita (Jarrai-Haika-Segi auzia), inork gutxik pentsa zezakeen hauteskundeen ostean negoziazio prozesu batean parte-hartzeko prest azalduko zela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua. Hauteskunde kanpaina zela eta Euskal Herrira eginiko bidaietan, arrastoren bat utzi zuen, baina partida hori beste zelai batean jokatzen ari zela argitu zuen Lopezek. «Datorren legealdian bakea lortzeko baldintzak sortzen ari dira».
PSE-EEren hiru mitinetan parte hartu zuen Zapaterok; argi utzi zuen zein zen Espainiako Gobernuaren helburua EAEko hauteskundeetan. Lopezek irabaziz gero, Estatutu berri bati buruzko «erreferenduma» bi urtean egingo zuela hitz eman zuen Zapaterok. Balizko negoziazio prozesu baten inguruan, berriz, ez zuen gauza handirik aurreratu. 2005-2009 legealdia «bakearen legealdia» izango zela esan bazuen ere.
Beste aldean, Ibarretxek, Estatutu Berriaren proposamenari Espainiako Kongresuak emandako ezezko borobila zakuan zuela, tematuta jarraitu zuen planaren oinarri zen herri kontsultaren aldarrikapenarekin. Espainiaren ezezkoa jaso bazuen ere, Estatutu Berrirako proposamenaren bidez «herri hau erabakitzeko eta negoziatzeko atarian» jarri zuela adierazi zuen hauteskunde kanpainan egindako mitinetan.
Balizko bake prozesu baten aurrean Ibarretxek izan zezakeen lidergoa indargabetzeko formula bilatzen aritu ziren sozialistak hauteskunde kanpaina osoan. Eta bide horretan Madrildik zetozen informazioak izan zituzten bidelagun. Jeltzaleek, baina, informazio horien «fidagarritasuna» jarri zuten zalantzan. «Zapaterok ez du eskumen bakar bat ere eskualdatu hamahiru hilabetean: nola sinetsiko diogu orain?», esanaz erantzun zion Josu Jon Imazek Zapaterori, Barakaldon eginiko mitin nagusian. Begoña Errazti EAko presidenteak ere agertu zituen bere dudak. Xisteran untxiren bat izatekotan, ateratzeko eskatu zion Zapaterori. «Esan dezala euskal gizarteak erabakitzen duena errespetatzeko prest dagoen ala ez».
Estatutu Berriaren proposamenari ahalik eta etekin handiena ateratzen ahalegindu zen EAJ-EA koalizioa. Jeltzaleen ustez, proposamen horretan zeuden balizko negoziazio baten gakoak.Ibarretxeren hitzetan: «Negoziazio prozesu bat hasteko, EAJ-EA koalizioa da protagonista eta indar eraldatzailea». Gainontzeko alderdiek hitz horiek kritikatu zituzten, adibidez, Otegik: «Bere alderdiaren interesak negoziatu nahi ditu Ibarretxek, euskal herritar guztien izenean».
Hauteskunde eguna gainean zutela eta hauteskundeetako emaitzak ikusi zituztenean, bereziki, jeltzaleak ikuspuntu hori leunduz joan ziren. Aurrerantzean hirukoak «modu irekiago» batean eta «malgutasunez» jokatu beharko zuela ohartarazi zuen Ibarretxek, eta, Estatutu Berrirako proposamenean lortutakoa baino «indar gehiago bildu» beharko zela nabarmendu zuen Josu Jon Imazek. Zapaterorekin Estatutu proposamenaren inguruko negoziaketa ez ezik, «hemengo alderdien artekoa» ere egin behar zela ondorioztatu zuten jeltzaleek.
'Orain' zen momentua
Elkarrekin bizi, bakean bizi lelopean egin zuen kanpaina Lopezek. Ibarretxeren mezua ez zen oso bestelako izan: Elkarrekin egingo dugu. Beste bi lelo ere bazituzten aipatutako bi hautagaiek. Lopezen aurpegia jasotzen zuten afixetan orain ageri zen hizki larriz idatzita. Ibarretxeren aurpegiaren alboan, erabaki dezagun. Ezker abertzaleak, 2004ko azaroan 14an Donostiako Anoeta belodromoan aurkeztutako agiriaren izenburuari eutsi zion: Orain herria, orain bakea. Hauteskundeen ostean, garai berri bat irekiko zela uste zuten denek. Bakerako momentua iritsi zela zioten. Orain zen momentua.
Batasunaren diskurtsoa (Anoeta) ez zela itxurakeria hutsa ohartarazi zuen Joseba Egibar jeltzaleak kanpainaurrean eginiko adierazpenetan. Normalizazioa lortzeko Batasunarekin negoziatu beharra zegoela nabarmendu zuen Ibarretxek. Eta Batasunaren hitza entzun nahi zuela adierazi zuen Zapaterok, hauteskunde kanpaina hasi baino bi hilabete lehenago PSE-EEko alkate eta zinegotzien batera Donostian eginiko agerraldi batean.
Batasunak hasieratik lotu zuen bere kanpainako mezua gatazka gainditzeko negoziazio prozesuarekin. «Negoziazio prozesua irekitzea dugu jokoan», adierazi zuen Otegik kanpaina abian zela Batasunak Gasteizenegin zuen manifestazio batean. Legez kanpo egonda ere, zerrendak aurkeztu zituen Batasunak, baina hauteskunde batzordeak berehala baliogabetu zituen. Zailtasun handiekin, baina hauteskunde kanpaina egin zuen Batasunak.
Otegik adierazpen horiek egin zituenerako EHAK alderdiak hartua zuen AGren lekukoa. Batasunak, Aralarrek eta EHAK-k Bilbon eginiko bilera baten ostean hartu zuen erabaki hori EHAK-k. Batasunak bat egin zuen EHAK-k zehaztutako helburuekin, eta alderdi horrentzako botoa eskatu zuen, zerrendak erretiratuta. Kanpainaren lehen astean egin zuen hori.
Legez kanporatzeekin eta EHAKren aurkezpenarekin batera, lehen aste horretan adierazpenak egin zituen ETAk. Espainiako Gobernuarekin konponbide eta negoziazio prozesu bat hasteko ahaleginetan ari zela adierazi zuen BERRIAn argitaratutako elkarrizketa batean. Horrekin batera, euskal eragileen arteko akordioa lortu behar zela nabarmendu zuen eta euskal herritarren hitza eta erabakia «inolako presio eta mehatxurik gabe»gauzatzeko bermeak eskatu zizkien Espainiako eta Frantziako Gobernuei. Hauteskundeei begira, ezker abertzalearen parte-hartzea ezinbestekotzat jo zuen: «Prozesu bat irekitzeko beharrezkoa da ezker abertzalea bozetatik sendoturik ateratzea».
PPren presioa handia izan bazen ere, Espainiako Gobernuak ez zuen EHAKren aurkako ekimen judizialik abiatu. «EHAK ezin da debekatu, Batasunak botoa harentzat eskatzen badu ere», adierazi zuen Justizia ministro Fernando Lopez Aguilarrek. Madrilen esandakoa bete egin zen, eta EHAK-k hauteskundeetan parte hartu zuen.
Kronologia
2004Martxoak 14. PSOEk irabazi zituen Espainiako Gorteetarako hauteskundeak.
Azaroak 14. Anoetako Proposamena aurkeztu zuen Batasunak.
Abenduak 30. Estatutu Proposamen Berria gehiengo osoz onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, SAko hiru legebiltzarkideren babesarekin eta beste hiruren aurkako bozarekin.
2005
Urtarrilak 14. Zapaterori gutun irekia bidali zion Batasunak.
Urtarrilak 15. Batasunaren planteamendua entzuteko prest zegoela esan zuen Zapaterok Donostian eginiko ekitaldi batean.
Otsailak 1. Espainiako Gorteek atzera bota zuten EAEko Estatutu Proposamena, Ibarretxeren aurkezpenaren ondoren.
Otsailak 2. Apirilaren 17rako hauteskundeetarako deia egin zuen Ibarretxek.
Otsailak 7. Haika-Segiren aurkako epaiketa hasi zen, 23 gazteren aurka. Hiru urte eta erditik beherako espetxe zigorrak jarri zizkieten.
Martxoak 5. Konponbiderako Oinarrizko Hitzarmena sinatu zuten 30 alderdi, sindikatu eta eragilek. Besteak beste, Batasunak, EAk, Aralarrek, ABk, ELAk eta LABek.
Martxoak 13. Aukera Guztiak (AG) hautesle elkarteak bere programaren eta hautagaien aurkezpena egin zuen.
Martxoak 26. AGren parte-hartzea debekatu zuen Auzitegi Gorenak.
Martxoak 31. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako kanpaina hasi zen.
Apirilak 1. AGren lekukoa hartu zuen EHAK-k.
Apirilak 2. Espainiako Gobernuarekin negoziazio prozesu bat zabaltzeko ahaleginetan ari zela esan zuen ETAk, BERRIAn eginiko elkarrizketa batean.
Apirilak 9. Bakeak ez duela prezio politikorik eta hori lortzeko ahaleginak egingo zituela esan zuen Zapaterok El Correo egunkarian.
Apirilak 17. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-EA koalizioa nagusitu zen.
Maiatzak 17. PPz beste alderdien onespenarekin onartu zuen Espainiako Kongresuak elkarrizketaren aldeko ebazpena.
Ibarretxeren eta Lopezen arteko lehiak PPri eragin zion gehien. 2001ean PSE-EEk eta PPk osatutakoblokearen amaiera ekarri zuen horrek .
Kanpainako beste ahotsak
J. S.EAJ-EA koalizioaren eta PSE-EEren arteko lehiak alderdiren batean eraginik izan bazuen PPn izan zen. Kanpaina gogorra egin zuen San Gilek 2001eko kanpainan sorturiko mamuetan oinarrituta.Eusko Legebiltzarretik kanpo nahi zuen ezker abertzalea. Bakea «terroristen aurkako batasun demokratikoak» eta zuzenbide estatuak ekarriko zutela zioen, eta ez elkarrizketa bidezko negoziazio prozesu batek. Orduko hartan, hautesleek gogor zigortu zuten San Gil.
Gauza bera gertatu zitzaion Unidad Alavesari. 2001eko hauteskundeetan ez zuen parte hartu; PPren zerrendetan aurkeztu zen Enriqueta Benito UAko burua. 2005ean aurkeztea erabaki zuten, baina ordurako UAren proiektua agortuta zegoen. Unidad Alavesakoak bost legebiltzarkide izatera iritsi ziren 1994an eta lau 1997an.
Botoak galdu zituen beste alderdia EB izan zen. 13.000 boto inguru, baina legebiltzarkide kopuruari eutsi zion. IbarretxerenEstatutu berrirako proposamenaren aurrean EBk bere proiektu «federalista» propioa aurkeztu zuen. Kulturako pertsona ezagun batzuk bat egin zuten EBren planteamenduarekin: Bernardo Atxaga eta Jose Saramago idazleak tarteko. Hauteskundeen ostean, EBren zuzendaritzak, EAJrekin eta EArekin osatutako hirukoaren formularekin jarraitzea erabaki zuen.
Ezkerreko aukera abertzale gisa aurkeztu zuen bere burua Aralarrek. Lehen aldia zuen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzen zuela, eta legebiltzarkide bat lortu zuen. Eusko Jaurlaritzan sartzeko asmorik ez zutela adierazi zuten lehen momentutik.