"Elkartasun demokratikoa". Hori eskatu dute 35/02 sumarioan inputatutakoek, eta Segiko kide izateagatik epaituko dituzten gazteek. Beren aurkako epaiketak "politika libre egitearen aurkako epaiketa maltzurrak" direla salatu dute, eta haiei aurka egiteko beharra nabarmendu dute. "Gure iritziak epaitu nahi dituzte, eta baita hori baino gehiago ere: Euskal Herrian hain beharrezkoa dugun askatasun politikoa epaitzen dute". Diotenez, elkartasuna da horri aurre egiteko bidea, eta horregatik antolatu dute Elkartasun Eguna irailaren 29an Lekeition (Bizkaia). "Libre" izango da ekimenaren leloa eta, "ideia eta pentsakera guztietako jendeak" biltzea izango da asmoa.
Bilbon aurkeztu dute egitasmoa. Herriko tabernen auzian inputatuta dagoen Karmelo Landa eta Segiren auzian inputatutako Najaia Aguado aritu dira bozeramaile lanetan. Baina beste inputatu batzuk ere izan dira haiekin batera aurkezpenean. Bertan izan dira Carlos Renedo, Jabier De la Maza, Mikel Totorikaguena, Gaizka Likona gazteak, eta 35/02 sumarioan epaituko duten Patxi Bengoa. Zortzi eta hamar urte arteko zigorrak eskatzen dizkie fiskalak Segiko kide izateagatik epaituko dituztenei, eta hamar eta hamabi urte artekoak herriko tabernen auzian inputatutakoei. Guztira, 76 pertsona epaituko dituzte Madrilen.
"Nora ezean" dabil Espainiako sistema politiko-judiziala, Landaren hitzetan. "Kartzela zigor larriak eskatzen dituzte gure aurka. Garai berriak zabaltzen lana egin dugulako". Inputatuaren hitzetan, "aukera politiko libreak” dira zigortu nahi dituztenak. "Demokraziaren bideak itxi nahi dituzte Euskal Herrian, demokrazia hain beharrezko dugun garai berri hauetan, gainera".
Zigor ekonomikoak
Inputazioak dakarren zigor ekonomikoa ere nabarmendu du Landak. “Oso berme larriak jarri behar izan ditugu behin-behinean aske egoteagatik. Eta udazkenean Madrilera deituko gaituzte astero hainbat hilabetetan, eta horrek zama ikaragarria dakar”. Lekeition giza eskubideen elkartasunaz gainera, elkartasun materiala ere eskatuko dute horregatik.
Uztailaren 27an ere herri harresi sinbolikoa antolatu zuten inputatuen alde Amaiurren (Nafarroa). Eta Landak azaldu duenez, herriz herri ere jaso dute elkartasuna inputatuek: "Udan ere sumatu dugu babes hori". Eta babes hori Lekeitiora bideratu nahi dute irailaren 29an. "Jarrera hori aktiba dadin nahi dugu".
Bilboko txupinera
Landak gogoan izan du Bilbon Jone Artola txupinerarekin gertatutakoa ere. Haren hitzetan, udazkeneko epaiketen logika berak gidatu du Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren jarduna, eta baita epaileena ere. PP alderdia ere kritikatu du. "Ez dute arrazoirik, ez dute argudiorik, ez dute gehiengorik, eta orduan inposaketa, kriminalizazio arbitrarioa, debekua eta zigorra darabiltzate. PPren gobernu erabat degradatu horren zerbitzura".