Elkartasun haizeak

Nazioarteko 24 eragilek Free Otegi, Free Them All egitasmoa aurkeztu zutenetik, nabarmen luzatu da atxikimenduen zerrenda; sinatzaileen artean daude, besteak beste, Noam Chomsky filosofoa, Maialen Lujanbio bertsolaria, Salvador Cardus soziologoa eta Gabi Zimmer europarlamentaria.

Nazioarteko eragile ugarik egin dute bat Otegiren aldeko kanpainarekin. BERRIA
2016ko martxoaren 1a
07:27
Entzun

Iazko martxoan aurkeztu zuten Bruselan Arnaldo Otegi eta gainontzeko euskal preso politikoak aske uzteko eskatzeko egitasmoa, eta hasieratik jaso zuen babes zabala, bai etxean eta baita nazioartean ere. Free Otegi, Free Them All kanpainarekin bat egin dutenetako batzuk dira ondokoak.

AEBak.  Izen ezagun ugari daude Estatu Batuetan egitasmoa babestu dutenen artean, tartean, baita hainbat urtez giza eskubideen alde borrokatu duten ekintzaile esaguratsuak. Besteak beste, Angela Davis, zeina otsailaren hasieran Euskal Herrian izan zen ezker abertzaleak gonbidatuta, eta Otegirekin hitz egiten ere ahalegindu zen —espetxeko zuzendaritzak ukatu egin zion baimena—. Davisek ez ezik, adierazpena sinatu dute Noam Chomsky filosofoak, James Petras soziologoak, Alice Walker idazleak, William Ramsey Clark AEBetako fiskal nagusi ohiak, Cindy Lee Miller Sheehan gerraren aurkako ekintzaileak eta Mumia Abu-Jamal eta Leonard Peltier preso politikoek.

Herrialde Katalanak. Babes zabala jaso du kanpainiak Herrialde Katalanetan, bai politikagintza alorrean eta baita beste sektoreetan ere. Ezagunenen artean daude, besteak beste, David Fernandez CUPeko diputatu izandakoa, Antoni Batista kazetaria eta Otegi. Bakearen indarra liburuaren egilea, Lluis Llach abeslari eta Junts pel Si-ko diputatua, Arcadi Oliveras ekonomialaria, eta Joan Tarda ERCko diputatua. Hain zuzen ere, sei urtez zain egon ostean, otsailaren amaieran lortu zuten Tardak eta Fernandezek ezker abertzaleko burua ikusteko baimena.

Irlanda. Irlandarrak dira kanpainako lehen bultzatzaileetatik hiru: Gerry Adams Sinn Feineko presidentea, Mairead Maguire Bakearen Nobel sariduna eta Harold Good Irlandako Eliza Metodistako presidentea eta armagabetzea ikuskatu zuen lekuko independenteetako bat izan zena. Horien ostean, aldarrikapenarekin bat egin dute Derek Warlfield Wolfe Tones taldeko musikari eta abeslariak, Michael Conroy Celtics futbol taldeko jokalari ohiak, Patricia Mc Keown eta John Douglas UNISON eta ICTU sindikatuetako buruek, besteak beste.

Ekuador. Iazko urte bukaeran heldu zen EkuadorreraFree Otegi kanpaina. sinatzaileetako batzuk dira Amaia Merino zinemagilea, Alberto Acosta ekonomialaria, Alfredo Vera Barne ministro ohia, Orlando Perez kazetari eta El Telegrafo egunkariko zuzendaria eta Raul Perez Torres idazlea.

Espainia. Cañamero sindikalista, Olga Rodriguez kazetaria, Rosa Regas idazlea dira Espainiar estatuan Otegiren aldeko kanpainarekin bat egin dutenetako batzuk.  Guztira 146 pertsona ezagunek bat egin dute Arnaldo Otegi askatzea eta euskal presoen urruntze politika amaitzea eskatzen duen kanpainarekin.

Europako Parlamentua. GUE/NGL, ALE-Berdeak eta ECR taldeetakoak dira Free Otegi, Free Them All agiria sinatu duten europarlamentariak. Horien artean aipagarrienetariko batzuk dira Syrizako Dimitrios Papadimoulis —Europako Parlamentuko presidenteordea da—, Sinn Feineko Matt Carthy, Berdeetako Jose Bove, ERCko Josep Maria Terricabras, VASeko Maerja Kyllonen (Finlandia), Izquierda Pluraleko Marina Albiol, Die Linkeko Gabi Zimmer.

Kulturgintza. Bultzada nabarmena eman diote kultura alorretik Free Otegi kanpainari. Kulturgintzako hainbat pertsona ezagunek bat egiteaz gain, abesti bat grabatu eta bideoklipa osatzeko diru bilketa abiatu zuten urtarril hasieran, eta baita lortu ere. Proiektuan parte hartu zuten, besteak beste, Sorkun Rubiok, Furiak, Ines Osinagak (Gose), Maite Arroitajauregik (Mursego), Joseba Tapiak, Francis Diezek (Doctor Deseo), Niko Etxartek, Unai Iturriagak, Aitor Gorosabelek (Su Ta Gar), Asier Serranok, Jon Gurrutxagak, Uxue Alberdik, Pettik, Oier Aranzabalek (Lou Topet), eta Xabi Solanok (Esne Beltza).

[youtube]http://youtu.be/xNxVQsa-Fws[/Youtube]

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.