"Elkartasuna herrien arteko samurtasuna da", esan zuen Ernesto Guevara Che-k; eta bi herri ditut maitatzeko eta mundu bat bere alde borroka egiteko, El Salvadorren gerrillari zebilela 1980ko hamarkadan hildako Pakito Arriaran arrasatearrak.
Hitz horiekin hasten da Askapenak atondu eta Euskal Herriko hainbat alderdi, talde eta mugimendu politiko, sozial eta kulturalek sinatutako =lmanifestua==http://askapena.org/?q=eu/node/188=l. Gaur goizean aurkeztu dute Bilbon, eta hilaren 31n bertan Internazionalismoaren alde eta elkartasunaren kriminalizazioaren kontra lelopean egingo den manifestaziorako deialdia zabaldu dute.
"Azkenaldian munduan eta Euskal Herrian elkartasun internazionalistak pairatu dituen kriminalizazio saio eta mehatxuen aurrean, printzipio eta sentimendu honen balioa eta hari adierazten diogun babesa aldarrikatzen dugu", dio Askapenako kideek eta beste taldeetako hamaika ordezkarik aurkeztutako agiriak.
"Aldarrikatzen eta babesten ditugu palestinar herriaren askapen borroka eta elkartasun hori gauzatzeko tresna praktikoa: Israeli boikota egitea. Aldarrikatzen eta babesten dugu jatorrizko herriek beren herri eskubideak eskuratzeko egiten duten borroka mundu osoan eta Abya-Yalan (Amerika) bereziki: Mexikon, Wall-Mapun, Bolivian, Ekuadorren, Kolonbian... Aldarrikatzen eta babesten dugu iraultza bolivariarrak estatu inperialista eta trasnazionalen aurka egiten duen borroka eta sozialismo berriaren eraikuntza, eta Kolonbiako sindikalistek eta gizarte zibilak zapalkuntza inperialistaren sinbolotzat hartu duten Coca-Cola hiltzaile, lur eta ur lapurtzaile eta gerraren finantziatzaileari boikot egitea ere bai".
Elkartasun lan hori, manifestuak dioenez, "kriminalizatua eta mehatxatua" dago. Hainbat adibide jarri dituzte: "Kolonbiako paramilitarrek erakunde, kolektibo eta elkarte asko mehatxatu dituzte, ez bakarrik Kolonbiakoak, nazioartekoak ere bai, eta tartean Euskal Herrikoak. Brigadistek ere jazarpen polizialak pairatzen dituzte gero eta herri gehiagotan. Herrien arteko elkartasuna polizien arteko informazio trukean eta epaile eta ministroen artekoetan (Kolonbia, Espania, Frantzia nahiz Israelgo estatuak eta AEBen artekoetan, kasu) eskuz esku dabil".
"Alabaina, elkartasunaren kriminalizazioak ez dio bakarrik Palestina, Kolonbia, Bolivia, Herri Maputxea, Venezuela edo Mexikoren aldeko elkartasunari eragiten. Ezin dugu ahaztu, Euskal Herriari beren elkartasuna eskaintzeagatik Parisko elkartasun komiteak eta (Gaztelako) Izquierda Castellanak pairatu dituzten eraso judizial eta polizialak eta Sebas Bedouretek pairatutako torturak eta espetxeratzea".
Manifestuaren bitartez, internazionalismoaren balioa eta beharra aldarrikatu dute, eta elkartasun internazionalista jorratzen duten taldeei, eta bestelako erakunde, kolektibo, sindikatu, gaztetxe, GKE gobernuz kanpoko erakunde, norbanakoei... agiria sinatzera gonbidatu dituzte. Era berean, urtarrilaren 31n Bilbon egingo den nazio manifestazioan esku hartzeko deia egin diete herritarrei.
Besteak beste, honako talde eta norbanakoek eman diote beren babesa manifestu internazionalistari: LAB sindikatua, Gazte Komunisten Kolektiboak-Bizkaia, Euskal Herriko Sare Antifaxista, ezker abertzalea, Segi gazte erakundea, Kamaradak talde internazionalista, EHK Euskal Herriko Komunistak, Altsasuko gaztetxea, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Ikasle Abertzaleak, Gazte Komunisten Batasuna, Bilboko Okupazio Mugimendua, Askapeña konpartsa, Korearekiko Laguntasun Elkartea, Basetxe gaztetxea eta Sopelako Gazte Asanblada (Bizkaia), Gasteizko Judimendiko Gazte Asanblada, Olaztiko Maisuenea Gaztetxea (Nafarroa), Garraxi irratia, Whipala kolektibo internazionalista, Andoaingo gazte mugimendua (Gipuzkoa), Eguzki talde ekologista, Sakanako gazte mugimendua (Nafarroa), Bilgune Feminista, Musikherria Kolektiboa, Stupenda Jones, Apurka, Banda Batxoki, El Txandrio, SKT, Norte Apache, La Mexicana Clandestina eta Hesian musika taldeak, Jose Manzaneda, Jesus Valencia, Arantza Urkaregi, Antton Mendizabal...
Internazionalismoa
Elkartasun internazionalistaren kontrako jazarpena gelditzeko eskatzeko manifestua aurkeztu dute
"Azkenaldian munduan eta Euskal Herrian elkartasun internazionalistak pairatu dituen kriminalizazio saio eta mehatxuen aurrean, printzipio eta sentimendu honen balioa eta hari adierazten diogun babesa aldarrikatzen dugu", dio gaur Bilbon plazaratutako eta Askapenak bultzatutako agiriak. Hainbat sindikatu, talde, alderdi politiko, mugimendu eta norbanakok egin dute bat harekin, eta hilaren 31n Bizkaiko hiriburuan egingo den manifestaziora deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu