Euskara

Elkartasun Tanta ikastolentzat

Ikastolen Jaiek antolatu izan dituzten zozketak ordezkatzeko txartelak egin dituzte.

Ikastolen aldeko Tanta ekimenaren aurkezpena. IKASTOLEN ELKARTEA
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 26a
16:36
Entzun

«Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da». Horrela definitu dute Tanta, Ikastolen Elkartearen ardurapean, Ikastolen Jaiek atondu duten egitasmo berria. Elkartasun txartelak dira horren oinarria: «Tanta txartel bakoitzeko, herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, eta aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu».

«Elkartasun» hitza azpimarratu dute, eta horren adierazle nagusia «ikastolen jaiak» direla azaldu: «Urtero, ehunka mila lagunek adierazten digute, tantaz tanta, gurekiko elkartasuna». «Ikastola eredua» ezagutarazteko baliatzen dituzte jaiak, baita euskal kulturari tartea emateko ere. Hala, auzolanean, autogestioan eta autofinantzaketan oinarritzen dira. «Gure herrigintzaren berezko ezaugarrietako bat da auzolana, eta hura oinarri hartuta antolatzen ditugu jaiak». Ordea, gogoratu dute tamaina horretako jaiak antolatzeak kostu ekonomiko «handiak» eragiten dituela.

Bide eta baliabide ugari baliatzen dituzte gastuei aurre egiteko, eta zozketa izan ohi da horietako bat. Funtsean, hori ordezkatuko dute Tanta txartelek: «Jai bakoitzak bere zozketa antolatzen zuen. Orain, bost zozketa horiek egin beharrean, elkartasun txartelak egitea erabaki dugu». Hala, adierazpen hori «saritu» nahi dute, eta, hori dela eta, txartela erosten dutenek 60.000 euroko zozketa batean hartuko dute parte.

«Ikastola eredua» ere azaldu nahi dutela nabarmendu dute: «Nondik gatozen, non gauden eta nora joan nahi dugun adierazi nahi dugu». Beraz, modu labur eta didaktikoan, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da txartelean: «Bilduma bat osatzea da asmoa». Elbira Zipitria izan da ekinbidea abiatzeko hautatutako lehen pertsona: «Irakasle, pedagogo, ikastolen sortzaile eta aurreneko ikastolen eta egungoen arteko zubia izan zen Zipitria. Frankismoaren urterik gogorrenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuen, eta haren bitartez txertatu zen ikastolen oinarrian euskarazko irakaskuntza aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko xedea».

Ikastola guztiena

Abendutik aurrera egongo dira txartelak eskuragai, ikastoletan nahiz egitasmoarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan; bost euroren truke erosi ahalko dira. Urte horretako jaien ikastola antolatzaileek izango dute txartelak banatzeko ardura nagusia, baina, hala ere, ikastola guztiek parte hartuko dutela azpimarratu dute: «Ikastola guztienak dira. Guztiak arituko dira herritarren elkartasuna tantaz tanta biltzen, auzolanean, ohi dugun gisan». Zozketa, berriz, ekainaren 25ean egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.