bilboko aste nagusia

Elkartasunaren eguna

Urtero bezala, konpartsek ikurrina omenduko dute gaur, Arriaga plazan, 18:30ean. Aurten, Independentistak sareak ere parte hartuko du, “independentzia aldarrikatu” eta “ikurrinaren benetako esanahia lau haizeetara zabaltzeko”. Bideoa: Txupineren omenezko txupinazoa (BerriaTB). [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1864/[/Berriatb]

2013ko abuztuaren 22a
20:24
Entzun

Elkartasun ekinbideak izango dira gaur Bilbon. Goizean, Saharako herriarekiko elkartasun jardunaldia antolatu dute txikigunean. 11:30etik 14:30era bitarterako hainbat ekintza antolatu dituzte, “dramatismorik eta tristurarik gabe, Saharako herriaren alderdi atsegina, alaia eta kultur aberastasuna” erakusteko. Arratsaldean, ekitaldi internazionalista egingo dute, Karpagunean, 19:00etan: bertan, mundu osoko hainbat herrialderi elkartasuna adieraziko diete.

Arratsaldean ikurrina omenduko dute, Arriaga plazan, 18:30ean. Bilboko konpartsek urtero antolatzen dute ekitaldi hori Aste Nagusian. Aurten, Independentistak sarea ere joango da, eta bertara joango direnei dei egin die zapi berdeak jantzita joan eta “bandera independentistak” eramateko. Behin ekitaldi hori amaituta, independentziaren aldeko aldarrikapenak zutarri izango dituen kalejirari ekingo diote, Areatza eta Zazpikaleetan zehar.

Seigarren eguna, festa giroan

Bilbotarrek festa giroan jarraitzen dute seigarren egunez. Gaurkoan ere, hainbat ekitaldi antolatu dira goizalderako, besteak beste: tiragoma txapelketa, umeentzako eskalada, herri kirolak, bilbainadak eta pilota eta xake txapelketa. Txupineren ohorezko txupina 11:30etan jaurti dute, eta aurreko urteko txupinerek elkartasuna adierazi diote Jone Artolari: "Txupinera aurrera".

Egunero bezala, eguerdian herri bazkariak egin dituzte bertsolariek lagunduta. Arratsaldean kalejirekin eta poteoarekin hasiko dira, eta Hau Pittu Hau konpartsakoek garagardoa dastatzeko lehiaketarekin berotu dute giroa, 17:00etan. Mamiki batukadarekin kalejira egingo dute ondoren txosnetan, 19:00etan, eta, Kaskagorri konpartsaren eskutik, Skandalue taldearekin kaskapoteonostalgikoarekin jarraituko dute.

Reggaea nagusi

Su festa 22:45ean hasiko da, Pirotecnia de Altura etxearen eskutik (Castello, Espainia). Behin hori amaituta, suak piztutako garra bizirik mantenduko dute kontzertuek, besteak beste: Dark Hellion, DJ Koska, Mis Ovarios 33 eta Boppers DJ's taldeek.

Gauean, baina, reggaea izango da nagusi. Kaixo konpartsan eta Euskalgunean reggae gaua antolatu dute, eta, bi gune horietaz gain, Kenke Jajah Sound eta 1900 One Love Sound taldeek joko dute Komantxe konpartsan: reggaea bestelako musikarekin nahasten dute horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.