EUSKAL HERRIA

Elkartasunaz gain, konpromisoa eskatu diete alderdiei ezker abertzaleko auzipetuek

Urrian epaituko dituzte  herriko tabernen eta Segiren aurkako sumarioetan auzipetutakoak. Bihartik hasita, alderdi politiko, sindikatu eta herri erakundeekin bitariko batzarrak egingo dituzte.

Iñaki Larrañaga Aizpurua.
2013ko irailaren 9a
21:23
Entzun

Herriko tabernen eta Segi gazte antolakundearen aurkako 35/02 eta 26/11 sumarioak urrian abiaraziko dira, eta Mikel Totorika eta Karmelo Landa auzipetuen plataformako ordezkariek aurrerantzean egingo dituzten ekitaldien berri eman dute prentsaurreko batean.

Bihartik hasita, alderdi politiko, sindikatu eta herri erakundeekin bitariko batzarrak egingo dituzte. “Ez dugu bilera formalik nahi. Lanerako plan bat daukagu, eta konpromisoa behar dugu”, nabarmendu du Landak. Hala ere, baikor agertu dira hainbat eragilek printzipioz emandako erantzunarekin: “Euskal gizartearen gehiengoak uste du gatazkaren konponbidea bilatu behar dela”.

Urriaren 14an hasiko da berrogei gazteren aurkako epaiketa, eta 17an, berriz, 35/02 Herriko Tabernenauzia. Juridikoki, “prozedura guztiz salagarriak” direla salatu dute. “Herriko tabernen sumarioa zabaldu zenetik, 11 urte eta erdi igaro dira. Horrez gain, instrukzio poliziala gidatu zuten agenteek peritu judizial gisa arituko direla ere salatu dute, Europan inoiz egin ez dena”.

“Egoeraren larritasuna”

Kostu ekonomiko handiari aurre egin beharko diotela aurreikusi dute, printzipioz bost hilabete iraungo duen epaiketak 1.700.000 euroko kostua izango baitu. Dena den, luzatuko balitz, hilabete bakoitzeko 200.000 euro gehiago ordaindu beharko lituzkete.

“Ezin dugu egoeraren larritasuna ahaztu. Askapenaren, Segurako operazioaren eta oraindik egiteke dauden beste auziak kontuan hartzen badira, oraindik 260 pertsona baitaude epaiketaren zain”, adierazi du Totorikak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.