Lodosa eta Sartagudako Ibaialde ikastolak ez zuen atzo eguraldia lagun izan dirua biltzeko antolatutako jaialdian eta espero zuten jendearen herena soilik gerturatu zen: 5.000. "Hiru egun daramatzat lorik egin gabe, eta triste eta penatuta nago", esan zuen Ana Mendizabal Ibaialdeko presidenteak.
Jaialdiaren balantzea datozen egunetan egingo dute, baina bitartean ikastolaren kontu korrontea eman dute diruz lagundu nahi duenak egin dezan: 3035 0153 46 1531026051. Mendizabalek atzo bertan jakinarazi zuen, kontu korronte horretan dutela orain itxaropena jarrita.
Aurten 25 urte bete ditu Ibaialdek eta atzoko jaialdia oso garrantzitsua zen aurrera egiteko, ordaintzeko dituzten maileguak ordaindu ahal izateko. Hilabeteetan egin dute lan atzoko prestatzeko eta urgentziazko deialdia egin zuten abenduan.