Elkarte gastronomikoetan erretzeko debekua UPNren asmakeria dela salatu dute

Jaurlaritzak eta PSNk ukatu egin dute iragan osteguneko bileran irakurketa hori adostu zutela erkidegoek

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Tabakoaren aurkako lege berritua indarrean sartu zenetik hamabost egun igaro dira, baina oraindik ere zalantzak ugari dira erretzaile, ostalari eta gobernuen artean. Elkarte gastronomiko, txoko eta peñekin zer gertatuko den erabakitzeke dago oraindik. Nafarroako Gobernuak debekua argi ikusten du, baina Eusko Jaurlaritzak interpretazio kontua dela dio. «[Espainiako] Legea irakurrita, guk erre daitekeela ulertu genuen», azaldu diote Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Saileko informazio iturriek BERRIAri.

Hasieran batean halako lekuetan erretzea debekatzeko asmoa agertu zuen Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak. Gerora, lege proiektuak hainbat aldaketa izan ditu, eta, besteak beste, debeku hori kanpoan geratu da. Nafarroan, ordea, egoera bestelakoa izango da. Izan ere, Maria Kutz Osasun sailburuaren hitzetan, Espainiako legeak argi jasotzen du elkarte gastronomikoetan erretzeko debekua.

Joan den ostegunean Espainiako Osasun Ministerioko ordezkariak eta autonomia erkidegoetakoek bilera bat egin zuten. Handik bueltan honakoa esan zuen Kutz sailburuak: «Tabakoaren legeak elkarte gastronomikoetan erretzea ere debekatzen duela ulertu dugu autonomia erkidegoek; izan ere, kerik gabeko gune dira, edariak eta janariak banatzen diren beste edozein espazio itxirekin gertatzen den bezala».

Eusko Jaurlaritzak, ordea, bestelako iritzia du bilera hartan gertatu zenaren inguruan. Gizarte Gaietarako Sailak BERRIAri argitu dionez, gaia jorratu zen, baina ez zen ezer adostu. Horiek hala, Maria Kutzen hitzak gezurtatzeaz gain, «ez dagokion erkidegoen bozeramaile lana» hartu izana leporatu dio Nafarroako Osasun sailburuari.

PSNk ere ukatu egin du Kutzek esandakoa, eta «UPNren gobernuak hartutako alde bakarreko erabakia» dela ohartarazi du. «Erkidegoen zalantzak Espainiako Gobernuari bidaltzekotan geratu dira, eta gero Ministerioak argibide juridikoak eskatuko ditu irakurketa bateratu bat izateko», azaldu du Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeko ordezkari sozialista Maria Txibitek.

Kongresuak onartutako legeko hainbat arlotan «zehaztasun puntu bat falta» dela dio Jaurlaritzak. Dagoeneko legearen inguruan dituen zalantza guztiak helarazi dizkio Osasun Ministerioari, eta oraindik ere erantzunaren edo azalpenen zain dago. «Ministerioak ez badu argitzen, epaileek interpretatu beharko dute legea».

Nafarroako Gobernuak ere eskaera berbera egin dio Espainiako Gobernuari. Alberto Catalan bozeramaileak atzo egindako adierazpenetan azaldu zuen Osasun Ministerioarekin eta gainontzeko erkidego autonomikoetako ordezkariekin bilerak dituztela. «Apurka-apurka zalantzak argituz joan beharko dugu, eta ados jarri». Catalanen esanetan, ezinbestekoa da hori: «Ez du zentzurik elkarren ondoan dauden bi erkidegok lege beraren interpretazio ezberdina egiteak».

Elkartez elkarte

Celina Pereda droga mendekotasun bulegoko zuzendariak gaia hizpide izan zuen joan den astean: «Banan-banan aztertuko da elkarteetan erre daitekeen edo ez». Gizarte Gaietarako Sailak ez du baieztatu hala izango denik, baina Peredak hitz horiekin zer esan nahi izan zuen argitzen saiatu da: «Elkarte guztiak ez dira berdinak. Badira edonorentzat irekita dauden elkarteak. Alegia, poteoan edonor sar daitekeenak. Kasu horietan elkarteak taberna modura ulertuko genituzke. Beste batzuetan, kide direnak baino ezin dira sartu. Alegia, ez dira lokal publikoak. Jaurlaritzak ulertzen du horietan erre daitekeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.