Hitz egiten hasi eta gutxira urtu da negarretan. "Hau ez dizut barkatzen", esan dio kazetariari, olgetan-benetan. Mamen Garciarentzat ez da batere gozoa orain arte jasan duen sufrikarioa gogora ekartzea, eta hunkitu egiten da gertatutakoa berritzean. Negar egiten du gaizki pasatu duelako; baina, era berean, negar egiten du oraingoz, borroka eta lagunen elkartasunari esker, kolpea gelditzea lortu dutelako.
Beraiek eraikitako etxe batean bizi dira Garcia, bikotekidea eta alaba, Izarran (Araba). Etxe apala da, beraiek apurka-apurka egindakoa. Langabeziaren erruz egoera ekonomikoa okertzen hasi zenean, hipotekaren ordainketa batzuk huts egin zituzten, baina bankukoekin hitz egitera joaten zirenean, lasai egoteko esaten zieten.
Gauzak, ordea, ez ziren ziruditen bezain sinpleak: "Guk hipoteka Vasconia bankuarekin egin genuen, baina horrek Popular bankuarekin bat egin zuenean, hipotekaren zati bat hara desbideratu zuen. Geroago jakin genuen guk hilero ordaintzen genuen dirua Vasconiarekin geneukan zorra kitatzeko erabiltzen zutela baina beste zatiak hor jarraitzen zuela eta handitzen ari zela guk ezer jakin barik". Iazko abuztuan ohartarazpena iritsi zitzaienean, zur eta lur gelditu ziren, etsipenak jota. Azen ontzeko, garai bertsuan gaixotasun larri bat detektatu zioten Garciaren bikotekideari.
Udaleko langile batek Sendia Hipotekek Kaltetutako Plataformaren kontaktua eman zien. Plataformakoen babesari esker, eta asko borrokatuta, egoera aldatzen hasi zen: "Gu ez hara abokatuak edo ekonomian adituak, eta, askotan, eskatu behar diren paper eta egin beharreko izapide guztien artean galduta senti zaitezke. Elkartearen laguntza ezinbestekoa izan da bankuei buru egin ahal izateko. Badakigu ez gaudela bakarrik".
Lehenengo garaipena enkantea geldiaraztea izan zen. Bigarrena, etxearen bizitzeko egokitasuna ziurtatzen duen agiria eskuratzea: beraiek egindako etxea zenez, oraindik ez zeukaten agiri hori, eta horrek zaildu egiten zuen bertan erroldatzea eta etxe hori bigarren etxebizitza ez zela frogatzea. Eta hirugarrena, doako abokatu bat lortzea, bankuei epaitegien alorrean ere aurre egin ahal izateko. Zorionez, badirudi aspaldi honetan albiste onak multzoka iristen ari direla: azken azterketek adierazi dute Garciaren bikotekidearen gaixotasuna ez dela erreproduzitu.
Orain, auzia epaitegian dago. Abokatuak idazkia aurkeztu du, bankuak bezeroei klausula desegokiak ezarri zizkiela frogatzeko: "Abokatuak esaten digunez, bankuak oso zikin jokatu du gurekin. Gure zorra ez zen oso handia, hiru bat hilabetekoa baino ez, baina, hala ere, etxea kendu nahi ziguten. Orain, esaterako, ordaintzeko moduan egongo ginateke, baina bankuak ez du gurekin negoziatu nahi". Orain, arnasa hartzen hasita daude, eta argi dute elkartzea eta ez etsitzea baitezpadakoak direla egoera berean egon daitezkeen guztientzat.