Ellakuria hil zutenen ustezko burua estraditatuko dute AEBek

1989an zortzi zibil hiltzeko agindua eman izana egozten diote Inocente Montanori. «Gizateriaren aurkako krimen» izaera aitortu diote kasuari

Duela 28 urte hil zituzten sei jesuiten hilobiak, El Salvadorren. R. ESCOBAR / EFE.
Ion Orzaiz.
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Sarraskiaren urteurrenean heldu da albistea: El Salvadorko Inocente Orlando Montano koronela Espainiara estraditatzeko agindua eman du AEBetako Auzitegi Gorenak. El Salvadorko Defentsa ministrorde ohia da Montano, eta gerra zibilean (1980-1992) zortzi lagunen hilketa agindu izana leporatzen diote; horien artean, Ignacio Ellakuria portugaletetarrarena.

Duela 28 urte gertatu zen sarraskia: 1989ko azaroaren 16an. Atlacalt batailoiko kideak Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera sartu ziren, eta sei apaiz jesuita, Julia Elba langilea eta haren alaba Celina hil zituzten. Unibertsitate hartako errektorea zen Ellakuria, eta Askatasunaren Teologiaren ideologo garrantzitsuenetakoa.

AEBetako Auzitegi Goreneko presidente John Robertsek eman du Montano espainiaratzeko agindua, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak iaz eginiko eskariari men eginez. Velascok berak 2011n galdegin zuen El Salvadorko sarraskian ustez parte hartu zuten hogei militarrak atxilotzea, baina El Salvadorrek uko egin zion auzipetuak estraditatzeari.

2016an, ordea, Amnistiaren Legea konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi zuen El Salvadorko Auzitegi Gorenak, eta horrek bidea zabaldu zuen auzi judizialari berriz ekiteko. Monteroren kasuan, estraditatze eskaera betetzeko agindua eman zuten AEBetako epaileek iazko otsailean, baina, orain arte, prozesua oztopatu du koronel ohiaren defentsak.

Sarraskiaren erantzule

1980ko hamarkadan 75.000 lagun baino gehiago hil zituen armadak El Salvadorren. Montano errepresio horren erantzule nagusienetako bat izan zela uste dute giza eskubideen aldeko talde eta elkarte memorialistek. Koronel ohiak 76 urte dauzka, eta Ipar Karolinako espetxe batean eman ditu azken bi urteak, estradizio eskariaren gaineko erabakiaren zain. 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, bere migrazio egoerari buruz gezurra esateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.