1989ko azaroaren 16an gertatu zen sarraskia: Atlacalt bataloiko kideak Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera sartu ziren, eta sei apaiz jesuita, Julia Elba langilea eta haren alaba Celina hil zituzten —tartean Ignacio Ellakuria jesuita portugaletetarra—.
1991. urtean epaitu zituzten militarrak, baina libre geratu ziren 1993ko amnistia legeari esker. Lehen aldiz, 2011ko abuztuan agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok hogei militar atxilotzeko.
Orain, gertuago egon liteke Inocente Montano koronel ohi eta El Salvadorreko Defentsa ministroorde ohia Espainiaratzeko aukera. Ameriketako Estatu Batuetan dago Montano, eta 2016an onartu zuten AEBetako auzitegiek hura Espainiara estraditatzea. Hala ere, militarraren defentsak geldiarazi egin zuen pauso hori, haren atxiloketaren baldintzak auzitan jarrita. Defentsaren salaketa hori, ordea, baztertu egin zuen Terrence W. Boyle epaileak joan den astelehenean, eta bidea ireki zion Montano estraditatzeari.
Uste da Montano "ezinbesteko kidea" izan zela Ellakuriaren eta gainerakoen hilketan. Hala adierazi zuen Terry Karl Stanfordeko Unibertsitateko irakasleak, Auzitegi Nazionalean 2014ko ekainaren 18an aurkeztutako txostenean.
1980ko hamarkadan 75.000 lagun baino gehiago hil zituen armadak El Salvadorren; armadaren, paramilitarren eta ezkerreko gerrillen arteko gerran.