Euskal herritar bat bahituta Kolonbian

ELNk ez du onartu Asier Huegun donostiarra eta beste sei bahituak, guztiak batera, askatzeko baldintza

Kolonbiako ELN Askapen Nazionaleko Armadaren esku dauden Asier Huegun donostiarra eta beste sei turista aske uzteko akordioa lortu zela iragarri zuten Eliza Katolikoko bitartekariek asteartean. Hain zuzen ere, Alvaro Uribe Kolonbiako presidentearen Gobernuak gerrillaren baldintzak onartu zituela. Atzo gauean jakin zenez, ordea, zailtasunak sortu dira berriro: Uriberen Gobernuak zazpi bahituak guztiak batera libre utz ditzaten nahi du; ELNk, ordea, epeka utzi nahi ditu aske.

2003ko urriaren 31
12:59
Entzun
ELN prest dago irailetik bahituta dauzkan zazpi turista atzerritarrak aske uzteko, baina epeka laga nahi ditu libre. Lehendabizi Asier Huegun donostiarra utzi nahi dute gerrillariek aske, eta, gainerakoak ondoren, epeka.

Medellingo gotzain Alberto Giraldo bitartekariak atzo iluntzean (bart goizaldea Euskal Herrian) jakinarazi zuenez, ordea, Uriberen Gobernua ez dago baldintza hori onartzeko prest; aitzitik, askatzea txanda bakarrean egitea nahi du. Halaber, NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkaritza ados dago baldintza horrekin.

Asteartean bitartekariek jakinarazi zutenez, ELNk eta Kolonbiako Gobernuak akordioa lortu zuten bahituen inguruan. Hain zuzen ere, ELNk esan zuen aske utzitako bahituei batzorde humanitario batek egin behar ziela harrera; Eliza Katolikoko ordezkariek, NBEko ordezkari batek eta gerrillako bozeramaileek —espetxetik atera berri den Felipe Torresek eta kartzelan den Francisco Galanek— osatuko lukete batzorde hori. Lehen txandan, datorren astearen hasieran, Asier Huegun utziko zutela aske iragarri zuten gerrillariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.