Ezkor agertu da Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia burujabetzaren aldeko prozesu bat aurrera eraman, eta indar subiranistek bat egiteko aukeraren inguruan. Epe laburrean aukera hori ez du lan hipotesitzat hartzen. "Lizarra-Garaziko garaiak, zoritxarrez -eta azpimarratu egin nahi dut, zoritxarrez- bukatu egin dira arlo politiko zein sindikalean. Epe laburrean aurreikus dezakegun eszenatokian subiranisten batze prozesu bat, arlo sindikalean, politikoan zein sozialean, ez da lan hipotesi bat", esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Alderdi abertzaleetako zuzendaritzei egotzi die ezintasun horren ardura: "Ez dago gogoetabide, orientazio eta planteamendu subiranistarik alderdi abertzaleetako zuzendaritzetan", nabarmendu du.
Horrek guztiak "jende abertzalea" kezkatu egiten duela iritzi dio ELAko idazkari nagusiak: "Kaleko jendea desilusionatuta dago ETA itzul daitekeelako, eta hori tragedia litzateke, lehendabizi pertsone bizitza jokoan dagoelako, eta bigarrenez, ikuspuntu politikotik ETAren itzulerak subiranisten batasuna gauzatzeko itxaropena zapuzten duelako".
Egungo prozesuan ez dutela Lizarra-Garazikoan adinako konfidantzarik izan aitortu du Elorrietak, arrazoi bategatik: abertzaleak PSOErekin ulermen politikora iristea ez dutelako posible ikusten. "Hasieratik esan izan dugu ez genuela PSOErekin ulermen politikora iristeko itxaropenik; aukera hori ez genuela argi ikusten. Erantzun ziguten jeloskor geundela Lizarra-Garaziko protagonismorik ez genuelako. Zoritxarrez, gauzak ez dira ondo joan".
Elorrieta: "Alderdi abertzaleetako zuzendaritzetan ez dago planteamendu subiranistarik"
Epe laburrean burujabetzaren aldeko indar politiko eta sozialak batzea zail ikusten du ELAko idazkari nagusiak. PSOErekin "ulermen politikoa" lortzeko aukerarik ez du sumatzen. Lizarra-Garaziko ereduaren alde egin du konponketarako bide gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu