Martin Ugalde Foroa

Elorrietak azpimarratu du prozesu subiranista garatzeko “indar metaketa zibila” behar dela

Gaur egin du ELAko idazkari nagusi bezala bere azken agerraldietakoa, Martin Ugalde Foroan. “Negoziazio kolektiboa eta gizarte sozialean eredu aurrerakoia aktiboki bultzatzea” dira sindikatuaren beste bi “erronka nagusiak”.

2008ko azaroaren 6a
20:28
Entzun
Jose Elorrieta badoa. Azaroaren 26an eta 27an egingo du ELAk XII. Biltzar Nagusia, eta orduan utziko du hark sindikatuko idazkari nagusi postua. Hogei urtean egon da bertan eta, alor politikoan, batik bat azkeneko hamabost bat urtean esan izan duena azpimarratu du gaur Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Foroan emandako hitzaldian: gaurko “estatutismoa” agortuta dago eta prozesu subiranistaren alde egin behar da.

Hori da, haren arabera, ELAk “sindikatu bezala” duen “erronka nagusi” bat. “Egoera politikoaz, une kritiko batean gaudela esan daiteke. [Espainiako eta Frantziako] Estatuek, beti bezala, oso garbi daukate medio guztiak erabil ditzaketela prozesu subiranista oztopatzeko; lege antiterrorista mugarik gabe erabiliz, esate baterako. Borroka armatuak jarraitu egiten du, etorkizunik gabe, baita abertzaleon lan bateratua oztopatuz ere. Neoestatutismoa berriro indartsu ageri zaigu. Gure iritziz, lehenbailehen, horretarako prest gaudenon artean indar subiranisten metaketa berriro indartu behar da; zibila, noski. Eta indar metaketa horretan eredu sozialek, langileekin lotutakoek, erreferentzia nagusia izan behar dute”.

Elorrietak esan du ELAk beste bi erronka nagusi ere badituela: “Negoziazio kolektiboa -hau da, ekintza sindikala indartzea- eta gizarte sozialean eredu aurrerakoia aktiboki bultzatzea”. “Heldu da garaia aberatsei zergak kobratzeko, baita Hego Euskal Herrian ere. Orain arte Kontzertua eta Konbenioari esker aberatsek ez dute zergarik ordaindu. Hori da arazo nagusia, eztabaida nagusia. Eztabaida horren ondoren berreskuratu behar da arlo publikoaren papera, bai gastu sozialean, bai inbertsioetan”.

Ekonomia “politikaren esku” jartzeko garaia dela uste du. “Bada ordua, bai, finantza mundua kontrolatzeko. Bada ordua, bai, ‘ekonomia erreala’ deritzana beste baldintzetan bideratzeko. Zoritxarrez, azkeneko datuak ikusita, Eusko Jaurlaritzaren datorren urteko aurrekontuak ikusita, ez dago motiborik baikorra izateko”.

Bidea zein den badakitela adierazi du; “badakigu nola egin. Hortik aurrera lana, denbora, pazientzia eta aliantzak uztartu egin behar ditugu”.

ELAren ibilbidea

Elorrietak, hain zuzen, 30 urteko ibilbidea: ELAren hirugarren belaunalditik laugarrenera izeneko hitzaldia eman du Martin Ugalde Foroan -jende ugari bildu da-, eta bera sindikatuan sartu zenetik egin duten ibilbidea laburtu du.

“Hirugarren belaunaldiko militante bezala sentitzen naiz. Lehenengo belaunaldia ELAren sorreratik [Espainiako] Errepublika garaira doana da. Bigarrenak Errepublika, gerla eta frankismoaren zati handi bat harrapatu zuen. Hirugarrena 60ko hamarkadatik 2000ra bitartean kokatzen da, eta laugarrena hortik aurrerakoa da”.

Bere belaunaldia ELAn sartu zenean, euren “indarraren muina kohesioa” zela aitortu du. Zertan oinarrituta? “1. Gu sozialista ginen. Aldaketa ideologiko sakon bat egin zen ELA barruan. Gure erakundea, historikoki, pentsamolde kristautik zetorren. 2. Alderdi politikoengandik independenteak izan behar genuen. 3. Sindikatuak independentea izan behar zuen ekonomikoki, kuotaren bidez. 4. Langileentzat beharrezkoak ziren zerbitzu batzuk ematea zen asmoa. Adibidez, zerbitzu juridikoak, erresistentzia kutxa eta abar. 5. Antolakuntzan gure lehentasuna sindikatu konfederal indartsua osatzea izan zen”.

Politika arloan ELAren “apustua” EAEko Estatutuaren aldekoa izan zela aitortu du Elorrietak -“pentsatzen genuen gradualki posible zela puntu horretatik hasita gure autogobernua hobetzea. Ez bakarrik konpetentzien aldetik, baita ikuspegi nazional batetik ere”-, baina gero ohartu zirela tresna hori “ez zela tresna egokia proiektu nazionala garatzeko”. Orduan “azpimarratu” zuen ELAk “subaranisten indarrak biltzearen beharra”. 1994an LAB sindikatuarekin harremanetan hasi ziren.

Sindikatuko idazkaritza nagusian Alfonso Etxeberriaren lekua hartu zuen hark 1988an, “ELAren hasierako identitatea oso-osorik errekuperatzeko”, gaur esan duenez. “Hau da, ez mugatzeko konpromiso sindikala arlo laboralera, zentzu ‘korporatibo’ batera, eta proiektua zabaltzeko bai arlo politikoan, bai arlo sozialean”.

Orain, ELAko “laugarren belaunaldiarekin baikor” dago. “Ez du sindikatua esperientziarik gabe hartzen. Gehiago esango nuke: heldu garen lekura iristea haiei esker izan da. Gehiago oraindik: azken urteotako ekarpen nagusia haiena izan da. Azken zortzi urteotan benetako zuzendaritza haiena izan da”.

Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiak ere Martin Ugalde Foroan egin zuen kargua utzi aurreko azken agerraldietako bat, aurten bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.