Su hartutako lokal baten barruan hilotz aurkitu dute 24 urteko gazte bat, Elorrion (Bizkaia). Atzo eguerdiko ordu biak eta hogei aldera jaso zuten sutearen berri larrialdi zerbitzuetan; Errebonbillo kalean piztu zen sua, gazteek erabiltzen duten lokal batean. Suhiltzaile talde bat bidali zuten bertara. Baina lekura iritsi zirenean sutea itzalia zegoela ohartu ziren suhiltzaileak. Lokalera sartu, eta bertan aurkitu zuten 24 urteko gaztearen gorpua.
Suhiltzaileek ez zekiten gaztea barruan zegoenik. Sua itzali zutenean, barrura sartu ziren, eta orduan aurkitu zuten gorpua. Bilboko Auzitegiko Patologia Institutura eraman zuten hilotza atzo arratsaldean; autopsia egingo diote, heriotzaren arrazoiak zeintzuk izan diren zehazteko. Gaur egingo dute gorpuaren azterketa.
Oraingoz, Ertzaintzak ez du hipotesirik eman gertatutakoari buruz. Su hartu zuen lokala Elorrioko gazte batzuek erabiltzen dutela azaldu du, eta gertatutakoa ikertzen ari dela erantsi du.
Ezbeharra gertatu den kalean taberna bat duen lekuko batek Radio Euskadiri adierazitakoaren arabera, gaztea lokalean lo hartuta zegoen, eta berogailu bat izan da sutea eragin duena. Beti lekukoaren hitzetan, sofa batek su hartu zuen, eta litekeena da gaztea kea arnastuta hil izana.
Bizkaiko Foru Aldundiak ere hala adierazi du: kea arnastuta hil zela gaztea. Aldundiak zehaztu duenez, suhiltzaileek uste dute berogailu elektriko bat izan zela sutea eragin zuena. Sofan erre zitekeen materiala kiskalitakoan, lokaleko beste altzairuetara pasatu gabe, sutea berez itzali zela azaldu dute suhiltzaileek.
Errebonbillo kaleko eraikin zahar batean dago su hartu duen lokala. Haren gaineko etxebizitzak hutsik daude.
Elorrion gazte bat hil da lokal batean, ustez kea arnastuta
Hildakoak 24 urte zituen, eta gazteek erabiltzen duten lokal batean aurkitu dute gorpua suhiltzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu