Odon Elorza PSE-EEko kide eta Donostiako alkateak uste du "Euskadik" beste era batera jokatu behar duela aurrerantzean, gaur egun erkidegoko hiru lurraldeek pisu handiegia dutelakoan. "Euskadi herri bezala eraiki behar da, ez hiru lurralde bezala. Herri moduan funtzionatu behar du".
Tecnaliaren egoitzaren kokapenak instituzioen artean sortutako ika-mika baliatu du Elorzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde antolaketari buruz hausnarketa egiteko. Hain zuzen, ostiralean Donostian sinatu behar zuten Tecnaliako zortzi zentro teknologikoek euren bat-egitearen hitzarmena, Tecnalia Research & Innovation (TRI) sortzeko -Europako bosgarren ikerketa talde nagusia-, baina sinadura ekitaldia atzeratu egin behar izan zuten.
"Inbertsio bat lortzeko kontua mahai gainean dagoenean edo ikerketa eta teknologiako enpresa talde bat nonbait kokatu behar denean, ikaragarrizko gerra sortzen da diputazioen artean", adierazi du Donostiako alkateak. "Eta uste dut hori akats larria dela, elkarren aurka aritzea delako".
PSEk uste du foru aldundiek gehiegi eragiten dutela EAEren martxan eta Eusko Jaurlaritzak pisu handiagoa beharko lukeela. EAk gauza bera pentsatzen du. EAJk, aldiz, ez. Lurralde Historikoen Legea berritzeko gaia atera izan denean, EAJk beti esan izan du diputazioen indarra ez dela inondik ere murriztu behar.
politika
Elorza: "Euskadi herri bezala eraiki behar da, ez hiru lurralde bezala"
PSEko kide eta Donostiako alkateak dio "diputazioen artean ikaragarrizko gerra" sortzen dela inbertsioak lortzeko edo enpresa taldeak kokatzeko garaian, Tecnaliaren egoitzaren kasuan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu