Euskal presoak

Eloy Velasco epailearen kontrako kereila aurkeztu dute

Euskal presoen abokatuen kontra daraman auzibidean prebarikazioa eta legez kanpoko atxiloketa delituak egin izana leporatzen diote, Alfonso Zenon eta Jone Goirizelaiak jakinarazi dutenez.

Jone Goirizelaia eta Alfonso Zenon abokatuak. ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2015eko azaroaren 17a
07:33
Entzun

Alfonso Zenon eta Jone Goirizelaiak jakinarazi dutenez, joan den urriaren 22an kereila kriminala aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen kontra. Euskal presoen abokatuen kontra daraman auzibidean prebarikazioa eta legez kanpoko atxiloketa delituak egin izana leporatzen diote.

Bere autoan, euskal abokatuei Ogasunari iruzurra eta dirua zuritzea leporatzen zien Velascok, 2012 eta 2013 urteetan BEZari dagozkion zergak ordaindu ez zituztela argudiatuta. Horretarako, Guardia Zibilak aurkezturiko txosten batean oinarritzen zen Velasco epailea. Txosten horrek abokatuek Ogasunaren aurrean egindako deklarazio bat aipatzen zuen.

Baina Goirizelaiak eta Zenonek azaldu dutenez, deklarazio horrek balio informatibo hutsa du, eta 3.000 eurotik gorako diru sarreren berri eman beste helbururik ez du. Abokatuek beste hainbat agiri aurkeztu dituzte, frogatzen dutenak abokatuek euren jarduera profesionalari dagozkion zerga guztiak ordaindu dituztela. Foru Ogasunen ziurtagiriak ere aurkeztu dituzte abokatuek: agiri horietan, Foru Ogasunek ziurtatzen dute abokatuek bi urte horietan zegozkion zergak ordaindu zituztela eta une honetan ez dutela inolako zorrik Ogasunarekin.

Abokatuek esan dutenez, Guardia Zibilak eta Velasco epaileak bazuten agiri horien berri, eskatu zituztelako eta dagozkion administrazioek haien eskura jarri zituztelako. Horregatik pentsatzen dute abokatuen kontrako akusazio faltsuak nahita egin direla, eta, beraz, prebarikazio delitua badagoela.

Horretaz aparte, abokatuek adierazi dute akusatuek jarduera arrunta egiten zutela, ez zutela ihes egiteko inolako asmorik eta adierazia zutela Justiziaren aurrean deklaratzeko prestasuna horretarako deituz gero. Horregatik uste dute 2015eko urtarrilean egindako atxiloketak ez zirela beharrezkoak eta ustez legez kanpoko atxiloketa delitu bat egon daitekeela Velascoren jardueran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.