Asteburua iragan da, baina, eguraldiaren iragarpenen arabera, okerrena ez da pasatu hotzari eta elurrari dagokionez. Gaur atseden eman du egunak, baina bihartik okerreratu egingo du. Euskalmetek iragarri du asteazkenean are eta hotz handiagoa egingo duela eta elurra 0-100 metrora iritsiko dela, kostaldera arte. Egun horretan barrualdean tenperatura 2 gradutara "nekez" iritsiko dela iragarri dute adituek, eta kostaldean, 5 edo 6 gradutara. Mendian eta kostaldean, gainera, haize bolada zakarrak izango dira.
Hori dela eta, erakundeak ari dira prestatzen beste elurte handi baterako. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja eman du asteazkenerako. Aurretik, bihar, goizaldean jada alerta horia emango dute, baina okerrena asteazkenerako espero da. Goizetik espero da elurra, eta horrekin batera txingorra. 600 metrotan 5 eta 50 zentimetro arteko elur geruza espero da, eta 200 metrotan, 2 eta 15 artekoa. Barrualdean eta mendialdean horri izozte arriskua gehituko zaio.
Ostegunean eta ostiralean antzera jarraituko du egueraldiak, eta astebururako hotz gehiago espero da. Izan ere, haize polarra sartuko da ipar-ekialdetik, eta horrek tenperatura baxuak ekarriko ditu. Barrualdean termometroa gehienez 0 gradutara iritsiko dela iragarri dute adituek, eta -5 gradutara ere jaitsiko dela. Kostaldean, berriz, tenperatura baxuena 0 gradukoa izango da, eta altuena 5ekoa. Egun hotzena ostirala izango da. Asteburua ere hotz etorriko da, baina elurrik ez dute iragarri oraingoz eguraldi adituek.
Asteburuko kalteak zenbatzeko unea
Bihar eguraldi kaskarra itzuliko bada ere, alerta laranja bart jaitsi egin dute horira Hego Euskal Herrian; iparraldean, berriz, alerta laranjan jarraitu dute eguerdira arte, elurra, euria eta luizi arriskuengatik. Elur maila 500-600 metro inguruan zegoen goizean baina gauerako 1.000 metrora igoko dela iragarri du Euskalmetek. Eguraldiak atsedena eman duen arren, gaur arazo ugari izan dira oraindik Euskal Herriko hainbat lekutan.
Nafarroan bi lekutan jarraitzen zuten goizean ibaiaren ur emariarengatik alertan: Castejonen Ebron 7,17 metrora iritsi da ura, eta Andosillan Egan 2,25era. Castejonen, gainera, N-113 errepideak moztuta jarraitzen zuen uragatik. Pirinioetan, bitartean, arazoekin jarraitzen dute. Asteburuan inkomunikatuta eta argindarrik gabe egon dira Erro, Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzu ibarretan, eta arazoekin jarraitzen dute oraindik azken bi horietan; Erro eta Aezkoa ibarretan arratsaldeko lehen orduan konpondu dituzte arazoak. Iruñean autobus zerbitzua martxan zen goizean, baina atzerapenekin zebiltzan autobusk.
Trenbide sarean ere izan dira arazoak. Euskotrenek jakinarazi duenez, goizaldean eten egin behar izan dute Durango eta Euba arteko zerbitzua, luizi baten ondorioz tren bat errailetatik atera ostean. Goiz erdirako, ordea, normaltasunera itzulia zen sarea.
Urtegiak, ateak irekitzen
Gaur Araban ere badago arreta gune nagusia. Hala, Uribarri Ganboa urtegiko ateak ireki egin zituzten atzo, eta ura husten jarraituko dute gaur ere. Bizkaian Kadagua ibaiak gainezka egin eta kalte ugari eragin ditu Zallan. Horiek hala, kaltetuek laguntzak eskatzeko aukera izango dute Bizkaiko Foru Aldundian. Dena den, eta datozen orduetan egoera baretu egingo bada ere, Ingurumen sailburu Ana Oregik ohartarazi du "arretaz jokatzeko", nahiz eta ibaien ur emaria jaisten ari den. Bizkaiko Foru Aldundiak gaur zabalduko ditu uholdeek kalte eginikoentzako arreta bulegoak.
Bestalde, Candanchun hilik aurkitu zuten atzo elur-jausi batek harrapatutako 39 urteko elorriar bat; harekin batera eskiatzera joandako beste gizonezkoa larunbatean atzeman zuten, hipotermiak jota. Gaur egingo diote autopsia hildakoari.
Atzo arazoak izan ziren goiz-goizetik hainbat tokitan. Ebro ibaiak gainezka egin zuen Castejonen, eta N-113 errepidea itxi egin behar izan zuten. Hain zuzen ere, larunbatean 70 urteko gizonezko bat hil zen Los Arcosen, urak haren ibilgailua eraman zuenean. Horrez gain, alerta egoera ezarri zuten Andosillan eta Funesen, Ega eta Arga ibaien ur emariagatik. Araban, itxi egin zituzten Urduña, Bernedo, Opakua eta Herrerako mendateak.
Erruz egin zuen elurra Iruñean ere. Osasuna eguerdian jokatzekoa zen Sadarren, baina, zelaia elurrez beteta zegoela eta, bertan behera utzi zuten partida.