Elurraren lodiera erdira gutxituko da 2050erako. Glaziarrak azkenekoetan dira. Hegazti migratzaileek gero eta azkarrago egiten dute urtero bertarako txangoa, eta beste animalia espezie batzuk gero eta gorago ari dira euren habitata bilatzen. Prezipitazioak nabarmen gutxitu dira, eta elurraren atzentzearekin batera, basoak zabaltze bidean dira. Horiek eta beste hamaika ondorio atera dituzte adituek Pirinioetako Klima Aldaketaren Behategiak (OPCC) landu duen bigarren txostenean. Gaur aurkeztu dute ikerlana Zaragozan. OPCCn parte hartzen dute Pirinioetako Lan Komunitateko kide diren erakundeek, besteak beste, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Akitania Berriak.
Klima aldaketa bizkor ari da aldatzen Pirinietako paisaia eta bizitza. Eta are eta nabarmenagoak izango dira aldaketak hurrengo hamarkadetan. OPCCk egindako lan hipotesien arabera, 2030erako tenperaturak 1 eta 2,7 gradu artean berotuko dira, batez beste, erreferentzia gisa hartu duten 1961-1990 aldiarekiko. Mende erdirako, berriz, 1,4 eta 3,3 gradu artean berotuko dira. Dagoeneko 1,2 gradu epelagoa da klima Pirinioetan, 1950etik. Gainera, prezipitazioak %2,5 gutxitzen ari dira hamarkadako, eta mende erdirako akuiferoen ur kopurua %20 txikiagoa izango da. Elurraren lodiera ere nabarmen mehetuko da. 2050erako, eta 1.800 metroko garaiera batean, elur geruza gaur egungoaren erdira gutxitzea aurreikusi dute zientzialariek. Horrek denak sekulako eragina izan du eta izango du hegazti, ugaztun eta anfibioetan. Esate baterako, uhandre pirinioetarraren populazioaren jaitsiera nabarmenak antzeman dituzte azken hamarkadetako urterik beroenetan. Kalkulatu dute bertako espezieak 11 metro gorago ari direla lekualdatzen, hamarkada bakoitzeko.
Eski estazioen etorkizun txarra
Txostenaren arabera, elurraren faltak eragin txarra izango du turismoan, bereziki eski estazioen inguruan. Estazio garaienetan bost eta 30 egun artean ari dira atzeratzen denboraldi hasiera azken urteotan, eta altuera apalagoetan daudenetan, berriz, bost eta 55 egun artean. Glaziarren egoera "dramatikotzat" jo du txostenak. 1984tik zenbatutako erdiak desagertu egin dira eta geratzen direnak (hemeretzi) asko mehetu eta txikitu dira zabaleraz. Tenperaturaren gorakadak parada eman die basoei eremuak irabazteko. Azken 50 urteotan 35 metro gorago igo da basoen zabaltze muga.
Panorama horretan, OPCCk ohartarazi du Pirinioetan arrisku handia dagoela muturreko fenomeno meteorologikoak izateko, lehen baino askoz sarriago, gainera. Besteak beste, elur jauziak, uholdeak eta lur mugimenduak aipatu ditu txostenak.