Atzo adinako elurrik ez, baina hotza, hotz handia. Horixe da metereologoek gaurko iragartzen dutena. Hori dela eta, Euskal Herri osoan alerta ezarrita dago hotzagatik eta izotzagatik. Izan ere, gaur errepideetan elurrak baino izotzak eragin dezakeela traba handiagoak iragarri dute; eta ez errepideetan bakarrik, espaloietan ere oinezkoei arretaz ibiltzeko deia egin diete.
Arazoak arintzen ari dira errepideetan. Errepide sare nagusia erabat zabalik dago, eta bi mendate daude itxita, biak ere Araban: Herrera eta Urduña. Nafarroan, bost errepide zati daude itxita: NA-137, Burgitik Izabarakoa; NA-138, Iruñetik Alduderakoa; NA-7510, San Migelerakoa; NA-2520, Olague eta Zubiri artekoa; eta NA-1740, Irurita eta Eugi artekoa.
Atzo dezenteko arazoak sortu zituen elurrak lurralde osoan, eta bi heriotz ere bai: bata Sopelan (Bizkaia) eta Gasteizen bestea. Auto batek harrapatuta, emakume bat zendu zen Sopelan; Gasteizen, berriz, gizon bat hil zen, ustez erorikoa izanda. Gainerakoan, honakoa da atzokoaren laburpena:
Araba, hildako bat eta traba ugari
Goizean goizetik izan ziren arazoak Araban denboralearen ondorioz. Gasteizen 10:00etatik aurrera gogotik egin zuen elurra. Hainbat auzotan arazoak izan ziren. Eguerdian, Udalaren Krisi Mahaia bildu zen, eta bertan behera geratu ziren ostegun gizeneko ospakizunak. 16:00etan, Udalak abian jarri zuen bideetatik elurra kentzeko plana. 350 lagunetik gora aritu ziren lan horretan. Dena den, 73 urteko gizonezko bat hil zen, Herrandarren kaletik igarotzen ari zela erorikoa izan eta gero. Osasun zerbitzuak gizona biziberritzen saiatu ziren, baina bertan hil zen. Autopsiak baieztatuko du bihotzekoaren ondorioz hil zen edo erorikoagatik.
Altubeko, Opakuako, Urduñako eta Herrerako mendateak itxita egon ziren mota guztietako ibilgailuentzat. Kateak, berriz, ezinbestekoak izan ziren Barrerillan, Garaten, Zaldiaranen, Gasteizko mendatean eta Bernedon.
Bestalde, N-1 errepidean 12 kilometro arteko ilarak izan ziren, hainbat istripuren eraginez. Auto pilaketa handienetakoa Arratzu parean gertatu zen. Kamioi bat bidetik irten, eta zeraman erregaia galdu zuen. Bestalde, Gaubeako Gobea eta Rivabellosako Unamunzaga ikastetxeak itxi egin behar izan zituzten.
Bizkaia, auto pilaketa handiak Bilbon
Bilbon traba handiak eragin zituen denboraleak. Udalak alerta laranja ezarri zuen. Goizean elur asko egin zuen, eta hiria inguratzen duten errepide guztietan arazoak izan ziren. Hala, Artxandako errepidea itxi behar izan zuten bi noranzkoetan, Santo Domingo eta Galdakao artean. Hamabost bat zentimetroko elur geruza pilatu zen bertan. Bestalde, Enekuriko errepidean ere auto ilara handiak izan ziren. Kateak beharrezkoak ziren handik pasatzeko. A-8 autobidean eta Txorierriko korridorean ere trabak izan ziren.
Egun osoan lanean aritu ziren Foru Aldundiaren 42 elur makinak. Dena den, Galdakaon, adibidez, arazoak izan ziren N-634 errepidean. Mendateak ere zuritu ziren. Sanpelaio, Urkiola eta Barazar itxita egon ziren. Hainbat ikastetxe ere itxi zituzten.
Bestalde, 38 urteko emakume bat hil zen, auto batek harrapatuta. Ertzaintzak emandako datuen arabera, ezbeharra 11:15 aldera gertatu zen, BI-2122 errepidean, Sopelan. Bi autok txapa istripua izan zuten, eta aseguruaren paperak konpontzen ari zirela, beste ibilgailu batek emakumea harrapatu zuen. Osasun zerbitzuak iritsi zirenerako hilda zegoen.
Gipuzkoa, oro har, normaltasuna
Oro har, Gipuzkoan ez zuen ikaragarrizko elurterik bota, eta, ondorioz, errepideetan ere ez zen aparteko arazorik sortu. N-1 errepidean eta Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen A-15 autobidean eragin zituen elurrak oztopo nagusiak. Hala, A-15 Andoain eta Berastegi artean itxita egon zen hainbat unetan. N-1 errepidean ere, kamioi bat edo beste gurutzatu zen errepidean, eta horrek eragozpenak sortu zituen. Donostian, A-8 autobidean, Irungo norabidean ere auto ilarak sortu ziren zenbait momentutan.
Kamioi batek artaziarena egin zuen 06:45ean GI-627 errepidean, Bergara parean. Gidaria kamioiaren barnean harrapatuta geratu zen, eta suhiltzaileen laguntza beharrezkoa izan zen. Gidaria Arrasateko ospitalera eraman behar izan zuten, zaurituta. Handik minutu gutxira auto batek ere istripua izan zuen leku berean. Gidaria ospitalera eraman behar izan zuten.
Mendateetan, berriz, oztopo handienak Mandubian, Bidanian, Urrakin, Otzaurten, Lizarrustin, Urton eta Jaizkibelen sortu ziren.
Nafarroa, elurraz gain, izotza ere oztopo
Elurteak batez ere Nafarroako erdialdean eta iparraldean sortu zituen oztopoak. Elurrari, gainera, izotza ere gehitu zitzaion. Nafarroako Gobernuak jakitera eman zuenez, 05:30etik 17:00etara bitarte 30 istriputik gora artatu behar izan zituen Foru Poliziak. Ez zen, ordea, inor larri zauritu.
Istripuen artean handiena La Tafallesa konpainiako autobus baten eta auto baten artean izandako ezbeharra izan zen. Bost pertsona zauritu ziren, baina autoko gidaria soilik eraman behar izan zuten ospitalera. Era berean, haurrak eskoletara zeramatzaten zenbait autobusek ere oztopoak izan zituzten. Hala, hainbat kasutan autobusek ez zuten ibilbideko herri guztietara ailegatzea lortu. Beste hainbatetan, bertan behera utzi zituzten ibilbide osoak, eta, horrenbestez, haurrek ezin izan dute eskolara joan.
Arratsalde hasieran Iruñean kaos handia sortu zen, bi istripuren ondorioz autoak bidetik desbideratu behar izan baitzituzten.
Nafarroako Gobernuak herritarrei eta auto gidariei neurriak hartzeko eta ezinbestekoa ez bada autorik ez hartzeko eskatu die, «botatako elurra izotz bihurtuko baita». Denboralea amaitu bitartean larrialdi talde guztiak martxan izango direla ere jakinarazi zuen Gobernuak.
A-15 autobidea Nafarroako hainbat zatitan moztuta egon zen, Artesiagan, Urkiagan eta Aralarko San Migelen bezalaxe. Kateak jartzea ezinbestekoa zen, berriz, Lizarragan, Lazarren, Ezkurran, Coronasen eta Urbasan.
Ipar Euskal Herria, eskoletan arazo ugari
Elurrak eragozpen ugari eragin zituen atzo Ipar Euskal Herrian. Goizaldeko bi orenetan hasi zen elurra egiten, eta berehala estali zuen lurra geruza zuriak. Goiza hotz altxatu zen, eta bide bazterretan izotz bihurtu zen elurra, departamenduko zerbitzuek bide nagusiak gatzatu zituzten arren. Kontseilu Nagusiak autobus zerbitzu batzuk eten zituen, eta goizeko zazpietan familiei dei egin zieten jakinarazteko autobusik ez zela egonen.
Goizean goizetik hasi ziren arazoak errepideetan. Lekuinen, Hazparnerako bidean zihoan kamioi bat gurutzatu zen eta eragozpen ugari eragin zituen. Auto metaketa handiak egon ziren goizean goiz Uztaritzetik Baionara.
Eguerdi aldera elurra egin zuen indartsu, eta errepideetan arazoak metatu ziren. Baionako irteera eta sarreretan arazo handiak egon ziren. Alta, hiri barnean ez zen arazorik egon, autorik ez baitzebilen. Eskoletako zuzendariek gurasoak deitu zituzten eta usaian baino lehenago haurren bila joateko eskatu zieten.
Tren zerbitzuetan ez zen etenik egon, eta atzerapen bakarra matxura batek eragin zuen, ez eguraldi txarrak. SNCFk azaldu zuen ez zutela eragozpenik espero hurrengo orduetan. Errepideetan ez da gauza bera gertatuko. Elurrik egiten ez badu ere, goizalderako zero azpiko tenperaturak igurikatzen dira, eta horrek eragozpenak eraginen ditu errepide txikietan. Departamenduko zerbitzuek azaldu dute lehentasuna duela errepide nagusien gatzatzeak.
Denboralea
Elurra baretzen, hotza areagotzen
Iragarpenen arabera, prezipitazioa gaur atzo baino murritzagoa izango da, eta, beraz, elur gutxiago egingo du. Hotza, ordea, handia izango da. Hori dela eta, elurrarekin ez ezik izotzarekin arreta bereziz ibiltzeko eskatu dute babes zerbitzuek. Asteburua ere hotza izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu