Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak luze, zabal eta sakon jorratu ahalko dira gaur BERRIAn. Hainbat kazetari ariko dira lanean egun osoan, eta, gauean, zenbaketaren eta emaitzen berri emango dute. Emaitzak jakin ahala azalduko dira webgunean unean uneko eserleku banaketa eta alderdi bakoitzak jaso dituen boto kopurua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emaitzak ere ikusi ahalko dira, baita herri guztietakoak ere.
Hauteskundeen berri ematen 08:00etan hasi dira, bozkalekuak ireki baino ordubete lehenago. Egun osoan, parte-hartzearen datuak emango dituzte, eguerdian eta arratsaldean. Bozkalekuak itxi eta lehen emaitza ofizialak izan bezain pronto izango dira ikusgai grafikoak.
Alderdi bakoitzak jasoko duen boto kopuruaren berri emango du BERRIAk, eta, halaber, horien arabera kalkulaturiko Legebiltzarreko eserleku kopurua. Horrekin lotuta, gehiengoak osatzeko kalkulagailua izango dute eskura erabiltzaileek alderdien arteko konbinazioak osatu ahal izateko. Irakurleek alderdiak aukeratu ahalko dituzte, lehendakaria izendatu, legeak onartu edo gobernatzeko aukera nork norekin izango duen ikusteko.
Ez da grafiko interaktibo bakarra izango. Legebiltzarrerako emaitza historikoak kontsultatu ahal dira jada: zein urtetako bozketan nola geratu zen Legebiltzarra, nor gertatu zen lehendari, zein alderdiren sostenguarekin…
Horrez gain, Elhuyarrekin landuriko hauteskundeetako termometroa egongo da ikusgai: sare sozialetan zein den alderdi diren aipatuenak erakusten du tresnak, eta aipamen horien artean zeintzuk diren positiboak eta zeintzuk negatiboak bereizten du. Aurreko hauteskundeetan bezala, Gaindegiak 2012ko Legebiltzarrerako bozen herriz herriko emaitzak ikusteko mapa jarriko dute eta igandeko emaitzekin eguneratuko da.
Traola: #i25bozak
Twitterren euskarazko txioak erderazkoen artean gal ez daitezen, #i25bozak traola erabiliko dute BERRIAk eta beste hainbat euskarazko hedabidek.
Astelehenean, paperezko egunkaria plazaratuko du berriak. Emaitza guztiak, erreakzioak eta analisiak irakurri ahalko dira, beste ohiko hainbat atalarekin batera.