EMA Sendagaien Europako Agentziak beste goiburu bat eman du gaur, eta zaildu egingo du guztiz uxatzea AstraZeneca botika konpainiak COVID-19aren kontra immunizatuta egoteko garatu duen txertoaren gaineko zalantzak; erakundeko zuzendari Emer Cookek esan du ezin dela «behin betiko» baztertu txerto horren eta odolbilduak izateko arriskuaren arteko erlazioa. Lehengo astean, Europako herrialde ugarik bertan behera utzi zituzten txerto horiekin egindako txertaketak, eta Euskal Herrian ere etenda egon zen, adibidez, txertaketa; Ipar Euskal Herrian, asteburuan hasi ziren berriro jartzen, eta Hegoaldean, berriz, bihar dira martxan jartzekoak.
Lehengo astean, txertaketak eten egin zituzten hainbat herrialdetan, txerto hori hainbat odolbildu kasurekin lotu baitzuten. Gaur Cookek esan du, egin dituzten azterketetan oinarrituta, ezin dela guztiz «baztertu» odolbilduen eta txertoaren arteko lotura; zehazki esan du ezin dutela erabat alboratu «odolbildu kasu arraro» batzuen atzean egon daitekeelako susmoa. «Ikerketa gehigarri bat egin beharko dugu», adierazi du. Erakunde horretako zuzendariak Europako Parlamentuaren Osasun Publikoaren Batzordean eman du mezu hori, eta adierazi du duda horien gaineko informazioa eman behar dela; osasun sistemek arrisku horien berri izan behar dute, eta txertoaren inguruko argibideak dakartzan prospektuan ere zehaztu egin behar dira.
Esan du, hala ere, txertoa «segurua eta eraginkorra» dela, osasun arazo horiek agertzeko arriskua oso apala dela onartuta. Europako Batasunean onartuta dauden gainerako txertoen inguruan ere halako arriskuak atzemateko azterketak egiten ari direla nabarmendu du, baina oraindik ez dutela deus arrarorik ikusi. Adierazi du tankera horretako ikerketak ezinbestekoak direla «gardentasuna» bermatze aldera.