Salaketa epaitegietan jarria dago. Emakumea adingabeko bat da, 16 eta 17 urte bitartean ditu, eta Zarautzera oporrak igarotzera joana zen. Erasoa Zarauzko goiko kanpinaren inguruetan gertatu zela salatu du. Ertzaintzak BERRIAri baieztatu dio salaketa, eta martxan jarri duela sexu erasoen kontrako protokoloa. Pertsona bat atxilotu dute, eta, gaur goizean epailearen aurretik pasatu ostean, aske utzi du hark, kautelazko neurririk gabe, Ertzaintzak BERRIAri jakinarazi dionez. Sare Feministak elkarretaratzera deitu du biharko, 12:00etan, Zarauzko udaletxe plazan.
Sare Feministak BERRIAri azaldu dio hiru eguneko tartea utzi duela erasoaren berri izan zuenetik, kasuaren larritasuna aintzat hartuta —adingabekoa da salaketa jarri duena— zuhurtziaz jokatuz. Bortxaketa bat izan dela salatu du; Ertzaintzak ez dio baieztatu horrelakorik BERRIAri, eta azpimarratu du sexu eraso baten salaketa duela.
"Ez gara sartuko gauzatu den bide judizial zein poliziala epaitzera, baina guk salaketa jarri duen emakumearen hitza hartzen dugu aintzat, norbere borondatearen aurka egindako edozein ekintza erasotzat hartzen baitugu", zehaztu du arratsaldean Sare Feministak.
Elkartasuna adierazi dio Sare Feministak emakumezkoari eta haren familiari, eta horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu du: "Zarauzko mugimendu feministatik eraso larri hau salatzen dugu, eta, aldi berean, instituzio publiko politikoei exijitzen diegu gune ilunen inguruko lanketa egitea, gure herriko txoko eta bazter guztiak emakumeontzako irisgarri eta seguru izan daitezen, eta behar diren eztabaidak eta lanketak eginez".
Sare Feministak azpimarratu du eraso hau ez dela isolatua, indarkeria sexista lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala dela. "Ez dira modu isolatuan eta bakartuan gertatzen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara". Emakumeen batasunerako deia egin du, halaber, eta indartu, autodefentsa feminista lantzera eta pertsonalki zein kolektiboki ahalduntzera deitu du. Herritar guztiei dei egin die gaur egungo egoera aldatuz joateko neurriak hartzen hastera.