Simon Vuelta prokuradoreak jakinarazi duenez, emakumea Baionatik Bidartera itzultzen ari zela bortxatu zuten, ostiral goizaldean.
Joan den astean izan ziren Tuterako jaiak, eta han izandako sexu eraso bat ikertzen ari da Foruzaingoa. 26 urteko emakume batek salatu du komun mugikor batean sartu zela, eta gizon bat sartu zela atzetik. Hantxe egin zion eraso. Emakumea oihuka hasi zen orduan, eta lekukoek gizona aterarazi zuten.
Erasotzailea 35 eta 40 urte bitartekoa da, eta Foruzaingoak laguntza eskatu die lekukoei hura identifikatzeko. Emakumeak salaketa aurkeztu zuen larunbatean polizia etxean.
Bestalde, Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen larunbat iluntzean Iruñean, tratu txarrak ematea egotzita. Foruzaingoak jakinarazi duenez, lanean ez zegoen foruzain batek atzeman zuen; poliziak gizonezko bat ikusi zuen aulki batean eserita zegoen emakume bat jipoitzen, ukabilkadak ematen eta iletik tiraka lurrera botatzen. Lurrean zegoela, ostikadak eman zizkion buruan eta gorputzean.
Gizona atxilo eraman zuen Udaltzaingoak, eta erietxera eraman zuten emakumea.